onewall

Mikel Beldarrain eta Lur Ziarrusta Herbehereetako OneWall Openean izan dira

Asier Abrisketa 2025ko urt. 29a, 11:30

Ziarrustak maila goreneko banakako txapela jantzi eban zapatuan eta biak batera, binakako txapelketako finalaurrekora ailegau ziran domekan.

Mikel Beldarrain arteaztarra eta Lur Ziarrusta dimoztarra Euro1Wall zirkuituko Stedon Dutch Open 2025 txapelketan izan ziran astegoienean, Herbehereetan. Rebotean OneWall Klubeko jokalariak fin dabiz Europako txapelketetan eta oingoan be, emoitza onak lortu ditue. Zapatuan, Ziarrustak maila goreneko banakako txapela jantzi eban eta Beldarrain finalaurrekoetan geratu zan. Domekan barriz, binakako txapelketea jokatu zan eta Beldarrain eta Ziarrusta, finalaurrekoetara ailegaiu ziran, baina txapelketako irabazleen kontra galdu eben.

Banakako txapelketan, ligaxka fasea jokatu zan lehenengo; Ziarrusta taldeko lehena izan zan, hirutik hiru partiduak irabazita eta Beldarrain, taldeko bigarren urten zan, partidu bakarra galduta. Ziarrusta zuzenean pasau zan finalaurrekoetara eta Beldarrainek, final-laurdena jokatu behar izan eban. Hau irabazita, arratiar biak aurrez aurre egon ziran finalaurrekoan eta Ziarrusta urten zan garaile; bakotxak set bat irabazita, hirugarren setean ebatzi zan finalerako txartela. Holan, Ziarrusta heldu zan finalera eta Noah Daubechies belgikarra izan eban aurkari. Dimakoak bi setak irabazita (15-11 eta 15-12) eskuratu eban txapela.

Binakako txapelketea barriz domekan jokatu zan eta batera egon ziran Beldarrain eta Ziarrusta. Ziarrustak esan deuskunez, "zapatuko nekea igarrita" urten ziran kantxara. Ligaxka fasean, partidu bi irabazi eta beste bat galdu egin eben. Halanda be, taldeko lehenengo bikote moduan sailkatu ziran arratiarrak finalaurrekora. Fíachra Ó Dúill irlandarra eta Jurrit Osinga herbeherearra izan ziran arratiarren aurkariak eta set biak galduta, kanpoan geratu ziran gureak. Atzenean, Fíachra Ó Dúill eta Jurrit Osingak irabazi eben txapelketea.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!