Gorbeia Helmuga Turistikoak bere txokoa izan dau Madrilgo FITUR Nazinoarteko Turismoa Azokan eta atzo eguerdian, Gorbeiako Parke Naturalaren altxorrak erakusteko aukerea egoan. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailagaz eta Araba zein Bizkaiko Foru Aldundiakaz lankidetzan, Paco Nadal bidaia kazetariak egindako Gorbeia, Euskadiko Bihotz Berdea bideoa aurkeztu da.
Olatz Urkiza Gorbeialde Landa Garapenerako Elkarteko presindentearen eta Agustin Otsoa Gorbeialdeko Kuadrillako presidentearen laguntzeagaz, Paco Nadal kazetari eta idazle ezagunak bideoaren aurrerapen esklusibo bat partekatu dau. Gorbeiako Parke Naturala, pagadiak, ur-jauziak, inguruko herriak (Aramaioko Ibarra, Legutio, Murgia (Zuia), Otxandio eta Orozko) bisitau ebazan 2024ko urrietan, eta hainbat jarduera berezitan parte hartu eban, Iturrieta sagardotegia, Baias garagardotegia eta Antzasti eta Euskal Buztingintza Tradizionalaren museoa bisitau ebazan, berbarako.
Berbaldian, Agustin Otsoak mota horretako ekimenen garrantzia azpimarratu dau, Gorbeia helmuga turistiko iraunkor eta aktibo gisa sendotzeko, natura, gastronomia eta kultura tradizionala maite dabenentzako eskaintza bategaz. Olatz Urkiza Atutxak lankidetza publiko-pribatua nabarmendu dau, horrelako proiektuen arrakastarako giltzarri gisa. Paco Nadalek ostera, bere esperientzia pertsonala partekatu du, paisaien edertasuna eta jendearen berotasuna nabarmenduz.