Gaur hasi eta domekan, hilak 26, amaituko da Madrilgo IFEMA azoka eta kongresu gunean egiten ari dan FITUR Nazinoarteko Turismoa Azokea. Atzen urteetan legez, Gorbeiako Parke Naturalak bere txokotxoa izango dau Euskadiko stand-ean. Bertan, Gorbeia Helmuga Turistiko erakundeak aurkezpen bi egingo ditu. Bata gaur, hilak 22, egingo da 18:30ean, Estrategia digital berria eta webgune berritua izenpean. Bigarrena bihar, 14:00etan, izango da Paco Nadal bidaia kazetariaren eskutik: Gorbeia, Euskadiko Bihotz Berdea.
Gaur arrastiko aurkezpenean, Olatz Urkiza Gorbeialde Landa Garapenerako Elkarteko lehendakaria eta Agustin Otsoa Gorbeialdeko Kuadrillako lehendakariak hartuko dabe parte, Gorbeiako estrategia digital barria azalduteko. "Badakigu gure webgunea bisitariek inspiretako, planifiketako eta jarduerak erreserbetako erabilten daben leihoetako bat dala. Helmuga turistikoaren estrategiaren icebergaren punta da. Hori dala-ta, gure irakurleek Gorbeiarekiko erakusten daben interesa benetako bisita bihurtarazteko beharrezko tresnak gehitu doguz", dinoe deialdian.
Biharko saioan barriz, Olatz Urkiza eta Agustin Otsoaz gainera, Paco Nadal kazetari eta bidaietan aditua dan idazleak hartuko dau parte Euskadiko Bihotz Berdea proiektua azalduteko. Honek, 2024ko urrietan Gorbeia, inguruak eta bertan eskaintzen diran jarduera eta esperientziak ezetu ostean egindako bideoaren aurrerapen esklusiboa egingo dau azokan.
Mendiak eta bailarak
Gorbeia Helmuga Turistikoa Euskadiko stand-eko "Mendiak eta Bailarak" gunean egongo da, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren zuzendaritzapean, urtailaren 26ra arte. Jenteak astegoien honetan, urtailaren 25 eta 26an, bertako altxorrak ezagutzeko aukera izango dau.