Arratiako Udalen Mankomunitateko BideON Arratian eskaripeko garraio zerbitzuak bere lehen urtea bete dau 6.239 bidaia egin eta erabiltzaileen "kalifikazino bikainagaz". Izan be, erabiltzaileek 4,9/5eko puntuazinoa emon deutsee zerbitzuari berari, 5/5 puntuazinoa erabiltzailearenganako arreteari, 4,8/5 gidariei eta 4,9/5 ibilgailuei. Zerbitzua gehien erabilten dabenak 65 urtetik gorakoak dira, uriguneetara heldu zein osasun zentroetara joateko 5.048 bidaia egin ditue. Ikasleek barriz, 897 bidaia egin ditue hezkuntza zentroetara joan zein bueltetako eta menpekotasun/desgaitasuna daben personek 294 bidaia egin ditue.
BideON Arratianek eskainitako lehen zerbitzua izan zan 65 urtetik gorakoak auzuneetatik herriguneetako zerbitzuetara hurbildu eta bueltea egitea, hau izan dalarik urte osoan gehien erabilitako zerbitzua. Grafikoetan ikusten danez, zerbitzu-gune nagusia eta biztanleria-gune nagusia dan Igorrera mugatuten dira zerbitzu gehienak. Dima, Zeanuri eta Artea be dira protagonista, auzuneetan jente gehiena bizi diran herriak hain zuzen be. Lemoan barriz, garraio publiko zerbitzu hobeak dagoz eta gitxiago erabilten da zerbitzua.
Eskualdetik kanpo be badoa BideON Arratian, 65 urtetik gorakoak osasun zentroetara eroan eta ikasleak hezkuntza zentroetara hurbilduteko. Datuek erakusten dabe adinekoak dirala hau gehien erabilten dabenak, Galdakao-Usansoloko Ospitalearen eta Galdakaoko Anbulategiaren artean, eskualdez kanpoko bidaien ia %80a egiten dira. Gainontzeko bidaiak ikasleek egiten ditue, unibersidadeetara joan-etorriak egiteko.
Leioako EHU kampuseko ikasleen kexak
@arratiakoehuikasleak Instagram kontuan salatuten danez, ikasleek arazo ugari ditue Leioako EHU kampusera ailegetako eta kexu dira, BideON zerbitzua "ez dala esan euskuen modukoa eta ez dituala gure beharrak beteten". Izan be, AUMk zuzenean unibersidadera joateko autobusa eskaini ebala dinoe eta azkenean, Lemoa edo Zornotzako garraioguneetara baino ez dabezala hurbilduten. Holan, euren eskaria da Arratiatik Leioako kampusera zuzenean doan autobusa ipintea da ikasleen eskaria, bai eta Gasteizera doazen autobusen kopurua igotea.