Zapatuan jokatu zan Igorreko San Txisme zelaian Euskal Liga Senior 2. Maila ligako zortzigarren jardunaldiko Arratiko Zekorrak eta Zaisa Txingudiren arteko partidua. Oingoan be, zekorrak punturik irabazi barik geratu dira, izan be, 15-17 amaitu zan partidua. Hurbil geratu baziran be, puntuak lortu eta sailkapenean aurrera egiteko aukera paregabea galdu dabe, Zaisa Txingudi taldea aurkari zuzena dabe eta. Oin, arratiarrak zazpigarren (10 puntu) eta irundarrak zortzigarren (8 puntu) dagoz sailkapen orokorrean.
Imanol Iriondo jokalariak BEGITUri azaldu deutsonez, "partidu gogorra" izan zan zapatukoa: "Eguraldi txarragaz baloiak jausi egiten ziran eta aurkariak sendo etorri ziran". Halanda be, "defentsan ondo eta atakean min egiten" urten ziran zekorrak. Lehenengo zatian, Iñaki Artetxek zigor kolpe bat eta entsegu bi egin ebazan, baina euretako bat bakarrik transformau ostean eta aurkariek 17 puntu eginda, 2 puntuko alde negatiboagaz geratu ziran arratiarrak. Bigarren zatian be, aurkariak gehiago izan ziran baina zekorren jokalariak min hartzean hasi ostean be, markagailua mantenidu eben.