Arantzazun, 18:00etan, manifestua irakurriko da, Argazki Lehiaketearen sari banaketea eta kantua eta euskerearen aldeko topa txokolateagaz. Ostean, 19:00etan, Tor magoak Hator magiara ikuskizuna eskainiko dau Herriko Tabernan.
Areatzan, Euskerea Sustatzeko Plan Estretegikoa egiteko parte-hartze saioa egongo da 19:00etan udaletxean. Planak euskerea bultzatzeko helburua bete dagian, zer egin behar dan hausnartu eta adostuko dabe partaideek saioan eta ostean kopaua izango dabe bertaratutakoek. Beste saio bat be egongo da hilaren 17an, honeri jarraipena emoteko, ordu berean eta leku berean.
Artean, euskal musikea, jantzak, eskulanak, txokolatea, argazkiak, margoztea eta Irakurleen Txokoa egongo dira frontoian 17:00etatik 19:00etara. "Batu ditzagun ahotsak, eraldatu dezagun etorkizuna" lemapean antolatu da jaialdia eta norberaren edalontzia eroatea eskatuten da, plastikoen erabilerea murriztuteko.
Horrezaz gainera, 19:00etan, plazan, Zaztaparrak Asti Taldeak, Arratiako herrietan egindako mural zatiak batu eta murala osotuko dabe. Ostean meriendea egongo da.
Bedian, bertako zinegotzi eta Labayru Ikastegiko zuzendaria dan Igone Etxebarriak idatzitako Bedian jai giroan herriginen liburuaren aurkezpena egingo dabe 18:00etan liburutegian. Ostean, 19:00etan, plazan, ardao eta gilda dastaketea egongo da, jai giroan, euskeraz herriginen jarraituteko.
Diman, 18:00etan egingo dabe Euskerearen Eguneko ekitaldia frontoi txikian baina aurretik, 17:00etan plazan batuko dira eta aurkezpena egin ostean, kalejirea egingo dabe herritik frontoira joan aurretik. Ekitaldian, Euskaraldiko Hamaikakoaren aurkezpena egingo da, beste gauza askoren artean. Amaitzeko txokolatea bananduko da bertaratutakoen artean.
Igorren, Euskerearen Eguneko gala, Lasarte Aretoan izango da 17:30ean. Bertan, Inbiu egunean grabautako bideoa egongo da ikusgai, baita musikea, bertsoak eta jantzak be. Ostean, kopaua egongo da Kultur Etxeko hallean.
Lemoan, euskerea ikasten dabizanei aitortza egingo deutse. Ekitaldia 18:00etan izango da Kotxepinen eta horrezaz gainera, Egunean Behin Lehiaketako sari banaketea, muralaren bideo aurkezpena, Asier Kidam magoa eta txokolatea egongo da hurreratzen diranentzat.
Zeanuriko Kultur Etxean, 19:00etan, Tartean Teatrok bakarrizketabi eskainiko ditu: Patxo Telleriak Txizatoki bat eszenatokian taularatuko dau eta Mikel Martinezek Hamalau.
Domekan ospakizun ugari egin ziranBaina euskerearen aldeko ospakizunak hasita dagoz eta atzo, domekea izanik, euskerearen aldeko ospakizuna eta aldarria egin zan herri askotan.
Arantzazukoek, euskerearen aldeko hormairudia margotu eben, eta txapa eta banderola tailerra eta bizikleta martxea egin eben. Baita pelikula bat ikusi be.
Areatzan, Manttalingo alaba ikuskizuna egon zan aurreko zapatuan eta Argazki Lehiaketako sari banaketea domekan.
Artean, euskerearen hazia erein zan. Hazi hori erein gura eben herritarrei, hazi papera, gutun bat, lorontzia eta lurra emon eutsen Udalak. “Hazi paperean bakotxak euskereagazko konpromisoa idatziko dau. Paper honek daukan berezitasuna da, kimu batzuk landatu eta aterako dirala. Gure konpromisoa loratzen ikusteko balio dau”.
Zeberion Euskerearen Eguna domekan ospatu eben. Umeentzako ekintzek, mintzodromoak eta Tio Teronen Semeak jantza taldearen ikuskizunak osotu eben ospakizuna.