Zezeilaren 22an ospatuten da Zezili Deuna, musikearen zaindariaren eguna. Santua omenduteko, kalejira eta kontzertuak antolatu ditue Arratiako musika erakundeek eta jaia, musikari eta musikazaleen artean ospatuko da. Arratiako Musika Eskolea, Zeanuriko Korua, Igorreko Luis Iruarrizaga Abesbatza eta Areatzako Banda, zein honeen zaleak, ospatuko dabe eguna bihartik aurrera antolatutako ekintzetan.
Artean, Arratiako Musika Eskolako ikasleak izango dira protagonista. Bihar, hilak 21, ospatuko dabe eguna emonaldi bategaz. Bertan, zortzi eta hamabi urteko Areatza, Artea, Dima, Igorre, Lemoa, Otxandio, Zeanuri eta Zeberioko ia 150 ikaslek hartuko dabe parte. Emonaldia frontoian izango da 18:30ean hasita, baina aldez aurretik eta euria egiten ez badau, kalejirea be egongo da Kultur Etxetik frontoiraino.
Zeanuriztarrek barriz, Santa Zezilia zapatuan ospatuko dabe musikearen eguna. Izan be, zemendiaren 23an, Zeanuriko korua kalean ibiliko da kantuan eguerdiko 12:00etatik aurrera eta ondoren bazkaria egingo dabe.
Areatzako Bandak be hilaren 23an, 19:30ean eskainiko dau kontzertua Areatzako eleizan, Aritz Labradoren zuzendaritzapean. Musikeari abotsa ipinteko, Bihotz Gorospe eta Arratiako Musika Eskolako kantuko ikasleak egongo dira. Atzoko eta gaurko abestiak, euskeraz, gazteleraz eta ingelesez eta estilo askotakoak (pop, rock, folk…) eskainiko dabez.
Luis Iruarrizaga Abesbatza izango da musikearen eguna ospatuten atzena. Izan be, Santa Zezilia eta Gabonak batera ospatuko ditu abenduaren 14ko kontzertuagaz. Igorreko Lasarte Aretoan izango da emonaldia, 19:30ean. Arrratiako Musika Eskolako umeen eta Eingo taldekoen kolaborazinoa izango dabe.