Arratiako Udalen Mankomunitateak (AUM) prestakuntza berbaldiak antolatu dauz menpekotasuna daukien personak zaintzen dabezan zaintzaileentzat, normalean senideak izaten diranak. Helburua, zaintzaileen artean autozainketako ohiturak bultzatzea da. Sarrerea librea izango da eta Sasoia Tercera Edad-ek gidatuko ditu saioak, hirugarren adinagaz eta menpekotasun egoeran dagoan jenteagaz behar egiten dauan aholkularitza enpresea. Herri guztietatik pasau ostean, bihar dira atzen saio biak:
Urri bigarrenak 22, martitzena
- Igorreko Kultur Etxean, 17:00etan.
- Areatzako udaletxean, 17:30ean.
Berbaldiak jente guztiari zuzenduta dagoz baina batez be, menpekotasuna daukien personak zaintzeaz guztiz edo modu parzialean arduratzen diran zaintzaileei, zaindu beharreko personaren adina edo mendetasun-maila kontuan izan barik. Hainbat alderdi landuko dira, esate baterako, menpekotasun gradu, mota eta ezaugarriak, zaintzaileen beharrak edo bakotxak burua zaintzeko ohiturak garatzearen garrantzia.
Izan be menpekotasuna daukien personen zaintzea batez be familiari jagoko, gehienbat emakumeei. Askotan, denporeak aurrera egin ahala, zaintzaileen denpora libreari, aisialdiari eta autozainketeari emondako uneak murriztu egiten dira. Horrek eragina izan daike hareen gizarte arloko hartuemonetan eta ondoizate fisiko, psikiko eta emozionalean. Horregaitik, oso garrantzitsua da zaintzaileari laguntzea, bizi-kalidadea hobetuko daben estrategiak emonez. Berbaldiak, informazinoa emoteaz gainera, zaintzaileen artean autozainketako teknikak eta trebetasunak eskuratzen lagundu gura dau.
Berbaldi-ziklo horren osogarri lez, zaintzaileei autozainketarako teknikak eta estrategiak irakatsiko deutsezan ikastaroa antolatuko da. Ikastaroak sei saio izango ditu, eta zemendian eta abenduan egingo da.