Berbaldia

Menpekotasuna daukien personen zaintzaileen autozainketea bultzatzeko berbaldi zikloa hasten da gaur

Asier Abrisketa 2024ko urr. 7a, 11:33

Sasoia Tercera Edad-eko aholkulariek emongo ditue berbaldiak Arratiako herri guztietan. Asteon Zeanurin, Lemoan eta Diman egongo dira saioak, sarrera libreagaz.

Arratiako Udalen Mankomunitateak (AUM) prestakuntza berbaldiak antolatu dauz menpekotasuna daukien personak zaintzen dabezan zaintzaileentzat, normalean senideak izaten diranak. Helburua, zaintzaileen artean autozainketako ohiturak bultzatzea da. Urri bigarrenean zehar izango dira saioak, eskualdeko udalerri guztietan. Sarrerea librea izango da eta Sasoia Tercera Edad-ek gidatuko ditu saioak, hirugarren adinagaz eta menpekotasun egoeran dagoan jenteagaz behar egiten dauan aholkularitza enpresea.

Berbaldiak jente guztiari zuzenduta dagoz baina batez be, menpekotasuna daukien personak zaintzeaz guztiz edo modu parzialean arduratzen diran zaintzaileei, zaindu beharreko personaren adina edo mendetasun-maila kontuan izan barik. Hainbat alderdi landuko dira, esate baterako, menpekotasun gradu, mota eta ezaugarriak, zaintzaileen beharrak edo bakotxak burua zaintzeko ohiturak garatzearen garrantzia. 

Izan be menpekotasuna daukien personen zaintzea batez be familiari jagoko, gehienbat emakumeei. Askotan, denporeak aurrera egin ahala, zaintzaileen denpora libreari, aisialdiari eta autozainketeari emondako uneak murriztu egiten dira. Horrek eragina izan daike hareen gizarte arloko hartuemonetan eta ondoizate fisiko, psikiko eta emozionalean. Horregaitik, oso garrantzitsua da zaintzaileari laguntzea, bizi-kalidadea hobetuko daben estrategiak emonez. Berbaldiak, informazinoa emoteaz gainera, zaintzaileen artean autozainketako teknikak eta trebetasunak eskuratzen lagundu gura dau. 

Berbaldi-ziklo horren osogarri lez, zaintzaileei autozainketarako teknikak eta estrategiak irakatsiko deutsezan ikastaroa antolatuko da. Ikastaroak sei saio izango ditu, eta zemendian eta abenduan egingo da.

Egutegia:

Urri bigarrenak 7, astelehena

  • Zeanuriko Jubiladuen Etxean, 18:00etan.

Urri bigarrenak 9, eguaztena

  • Lemoako Kotxepin Kultur Etxean, 17:00etan.
  • Dimako Jubiladuen Etxean, 18:00etan.

Urri bigarrenak 15, martitzena

  • Bediako Liburutegian, 18:00etan.

Urri bigarrenak 16, eguaztena

  • Arantzazuko Kulturgunean, 18:00etan.

Urri bigarrenak 17, eguena

  • Ubideko Jubiladuen Etxean, 17:30ean.
  • Arteako Kultur Etxean, 18:00etan.

Urri bigarrenak 22, martitzena

  • Igorreko Kultur Etxean, 17:00etan.
  • Areatzako udaletxean, 17:30ean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!