Banaka zein binaka goreneko mailan jokatu eben biek eta emaitzak espero ebazanak ez badira izan be, txukun jokatu eta txapelketa polita egin dabe.
Banaka Beldarrain final-hamaseirenetan hasi zan eta Ziarrusta final zortzirenetan. Beldarrainek Irlandako Cormac Finn-en kontra galdu eban lehenengo partidua. “Lehenengo set-ean, Mikelek bere mailarik onena erakutsi eta 21-06 irabazi eban. Bigarrenean, barriz, aurkariari jokoan sartzean itxi eta honek partiduari bueltea emon eutsan, 13-21 irabaziz. Bardinketea apurtuteko set-a puntu bakar batengaitik galdu eban arratiarrak, 10-11” azaldu deutso BEGITUri Lur Ziarrustak.
Ziarrustak lehenengo partiduan, final-zortzirenetan, beste irlandar bat, Paul Donnelly euki eban aurkari. Hasikerea parekoa izan arren arazo barik irabazi eban parditua dimoztarrak, 21-09 eta 21-07 eginda.
Final-laurdenetan baina, ez eban lortu partidua irabaztea. Ziarrustak, New York-eko izarretako bat izan eban aurkari, Timbo Gonzalez, hain zuzen be. “Partidua irabazteko esperantza eta gogorik ez ziran falta, baina Timbo ni baino gehiago izan zan: lehenengo set-ean 21-12 eta bigarrenean 21-16 gailendu jatan” dino Ziarrustak.
Binakakoa
Binakako final laurdenetako partidu polita jokatu eben Ziarrustak eta Beldarrainek, nahiz eta azkenean galdu. Erresuma Batuko Luke Thomson eta AEBko Johnson Gonzalezen kontra jardun eben. Lehenengo set-a galtzean hasi arren, bueltea emon eta 21-15 irabazi eben arratiarrek. Bigarren set-a aukariak ibili ziran aurretik eta 14-21 irabazi eben. Bardinketea apurtutekoa estu joan zan baina Thomson eta Gonzalez gailendu ziran 08-11.
Binakakoan, arratiarrek lehenengo partidua galdu arren, jokatzen jarraituteko aukerea emoten eban txapelketeak, koadro nagusiko kanporatutakoen arteko lehiaketan. Eta hori irabazi eben arratiarrek. Izan be, final laurdenetan zuzenean aurrera pasau eta eta finalaurrekoak 21-09 eta finala 21-16 irabazi eben. Partidu biak, Irlandako pelotarien kontra. “Final hau irabazita behintzat Arratiara domina bat ekartea lortu dogu, ez zan hasikeran eroan genduan helburua, baina ezer be ez baino gehiago da”.