Garagarrilaren 31, eguaztena, da San Inazio eguna. Arratiar eta orokorrean, bizkaitar askok aprobetxetan dabe eguna, tradizino moduan, Gorbeiara igoteko. Gogoratu behar da baina, Parke Naturalean ibilgailuen eragina gitxitzeko asmoagaz, Bizkaiko Foru Aldundiak kotxeen erabilerea zein akanpetea debekatu dauala. Jentea autobusetan igon beharko da Areatzatik, zerbitzua doban da.
Lehen autobusa goizeko 06:00retan urtengo da Areatzatik Pagomakurrera. Bigarrena 07:00retan izango da eta hortik aurrera, gitxi gora-behera, 20 minuturo egongo da autobusa arrastiko 19:00etara arte. Pagomakurretik Areatzara barriz, 08:00retan bajatuko da lehena eta 19:00etan atzena.
Mezea Edurretako Aman
Urtero lez, Bizkaiko 464 ermitetatik altuen dagoan Igiriñaoko Edurretako Aman, 1.119 metrora, mezea ospatuko da goizez. Aurten, txukun-txukun topauko dabe sinisdunek kaperatxoa, hainbat boluntarioak hau garbitu eta mantentze lanak egin dabezalako garagarrilean zehar. Zortzi persona egon dira bertan, garagarrilaren 11n eta 20an, lizuna kendu, egurra lixatu eta margozten San Inazio eguneko erromesentzako. Gainera, datorren urtean gangea be barriztuko da.
Mezea Zeberioko Undurragan
Zeberioko Undurraga auzoan San Inazio ermitea dago eta bertan be, jaia ospatuko da hilaren 31n. Ospakizun erlijiosoa 12:30ean izango da eta gero, barauskarria egingo da.