garraioa

BideON Arratian eskaripeko garraio zerbitzuak 2.000 bidaia egin ditu lehen bost hileetan

Asier Abrisketa 2024ko uzt. 19a, 12:30

M.B. Ugalde eta L.M. Etxezarraga areatzaztarrak, BideOn Arratian zerbitzuaren ohiko erabiltzaileak.

Zezeiletik bagilera "erantzun bikaina" izan dau zerbitzuak, bataz besteko, bost puntutik 4,9ko puntuazinoagaz balorau dabe zerbitzua erabiltzaileek.

BideON Arraitan eskaripeko garraio-zerbitzua zezeilean ipini zan martxan 65 urtetik gorako arratiarrak herriguneetara eta osasun-zentroetara hurbilduteko aukera jasangarri eta merke moduan. Gero, ikasle eta menpekotasun egoeran dagozanei zabaldu jakie. Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzuaren balorazinoa egin dau eta "erantzun bikaina" izan dauala ondorioztatu dau. 2.000 bidaia egin ziran zezeil eta bagila artean eta erabiltzaileek 4,9ko puntuazinoa emon dabe, bost puntutik.

2.000 bidaia horreetatik, gehienak adinekoei jagokiez, 1.350 (%67,5). Beste alde batetik, 625 aldiz erabili dabe zerbitzua unibersidadeko ikasleek eta desgaitasuna edo menpekotasuna daben erabiltzaileek, 25 bidaia egin ditue. Igorrera (%26) eta Galdakao-Usansolo Ospitalera (%22) egin dira bidaia gehienak, bai eta Leioako EHU kanpusera zein Bilboko unibersidadeetara (%21).

Horrezaz gainera, erabiltzaileek be egin dabe balorazinoa eta esan daiteke, bikain balorau dabela fase pilotuan dagoan ekimena. Bost puntutik 4,9 puntu emon deutsiez zerbitzuari, 5 puntu erabiltzaileari emondako arretari, 4,8 puntu gidariari eta 4,9 puntu erabilitako ibilgailuari.

Zerbitzua

Zerbitzua euro bateko prezioan ematen da Arratia barruko joan-etorrietarako, eta 1,50 euroko prezioan helmuga eskualdeko muga geografikoetatik kanpo dagoenean. BideON Arratianek jendeari informazioa emateko bulegoa dauka Igorren (Agirre lehendakaria, 11). Lokal horretatik ekimenari eta sisteman izena emateko aukerari buruzko informazioa eskaintzen jakie Arratiako bederatzi udalerrietako –Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri– bizilagunei.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!