Eskupelotea

Espainia eta Frantziako selekzinoei uko egin deutsee hainbat pelotarik, Euskal Selekzinoaren ofizialtasuna aldarrikatuta

Asier Abrisketa 2024ko uzt. 2a, 11:01

Pelotari, epaile eta pelotazaleen babesagaz Amaia Larralde eta Ekhi Ziarrustak irakurri eben komunikatua zapatuan Hendaiako Beltzenia pelotalekuan.

Bagilaren 29an, Hendaiako Beltzenia pelotalekuan egin eben agerraldia pelotari, epaile eta pelotazale ugarik "Ez Frantzia, ez Espainia gurea Euskal Herrikoa da!" eta "Ofizialtasuna" leloakaz. Jarraian, Ekhi Ziarrusta pelotari dimoztarrak eta Amaia Larraldek komunikatua irakurri eben, pelotari ugarik Espainiako eta Frantziako selekzinoari uko egin eta Euskal Selekzinoaren ofizialtasuna aldarrikatzen ebela jakinarazoz.

Izan be, aurten 22 urtez azpiko Munduko Euskal Pilota Txapelketea jokatuko da Iruñan eta iagaz Biarritzen pasau zan moduan pelotariak Espainia edo Frantziako selekzinoakaz parte hartzera behartuak izango dira. Salatu dabe, jokalarien zerrendea argitaratu barik, euskal selekzinoa ofiziala izan barik jarraituten dauala eta eurak ofizialtasunaren bidean egingo dabela lan. Gainera, ekitaldiaren amaieran azaldu dabe Euskadiko, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Iparraldeko federazinoek oztopoak ipini dabezala aldarrikapenerako, "gure gaia ez dabela sustengatzen" esanda.

Martxel Toledo: "90eko Munduko txapelketan Kuban euskal selekzio bezala desfilean izan ginan, handik hona ez da ezer egin baina hainbat urtetako burruka horrek emongo dau fruitua, eta horretarako inplikazioa eskatzen dogu. Batez be instituzinoei, pelota federazinoei, alkarteei, alderdiei...Azken batean arazoa ez da juridikoa, baizik eta politikoa"

Irakurritako komunikatuan, Amaia Larralde eta Ekhi Ziarrustak "Euskal Herriak bereak sentitzen ez dituan koloreakaz" parte ez hartzeko arrazoiak azaldu ebezan. Holan, Euskal Herriari ez jakola "selekzino propioa izateko daukan eskubide kolektiboa" aitortzen salatu eben. Jarraituta, "gu, euskal pelotariak garenez, gure nazinoaren koloreakaz eta gure ereserkiaren doinupean lehiatu gura" dabela aldarrikatuta.

Amaitzeko, jasotako babesa eskertu eben eta ofizialtasunaren bidean, lanean jarraitzeko deia zabaldu eben: "Dei zabala egiten dugu hemendik, pilota elkarte, federazio, pilotari, epaile eta euskal pilota maite duen orori elkarlanean eman ditzagun urratsak euskal gizartearen gehiengo handi batek aspalditik amesten duen euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna lortzeko".

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!