Arratiako elikagai soberakinen neurketa, murrizketa eta errebalorizazinoa izenpean, Arratiako Udalen Mankomunitateak (AUM), batez be janleku handiak dituen zentroetan, alferrik galtzean dan jatekoaren kantidadea murrizteko proiektua ipini dau martxan. Horretan aditua dan Oreka Circular Economy enpresea arduratuko da proiektua aurrera aterateaz. Europako Next Generation funtsen dirulaguntzeagaz dago finanziauta ekimenaren %90a eta kanpainearen aurrekontu osoa 42.473 €-koa da, BEZ gabe.
“Organikoaren kudeaketa zirkularra egin gura dogu. Prebenzinotik hasi eta gero soberakinak sortzean badira, ahal bada aprobetxau-horretarako dago proiektu hau- eta ezin dana aprobetxau, ondo kudeatu edukiontzi marroian botaz” azaldu deutso bBEGITUri Aitor Uriguen AUMko Iraunkortasuneko Teknikariak.
Munduan, erositako jatekoaren herena alferrik galtzean dala dino Ainize Medrano Oreka enpresako marketing arduradunak: “Oso garrantzitsua da prebenzino eta sensibilizazinoaren inguruan lan egitea. Baita datuak eukitea be. Ez dakigu lekuan lekuko zenbaki zehatza, eta egingo dogun lehenengo lana horixe neurtzea izango da. Ez etxeetan, janlekua daukien zentroetan baino; izan be, etxeetan asko botaten da, baina enpresetan, eskoletan, hoteletan, jatetxeetan eta abar askoz gehiago. Hortik hasiko gara neurketak egiten eta hor be egingo dogu prebenzino lana. Eta dohaintzen bidez janari xahuketea murriztu egingo dogu gero”. Horretarako jatekoa emoteko alkarte edo erakundeak be identifikau behar dabez.
Izan be, proiektuaren helburuak, soberakinak identifiketea eta neurtzea; jatekoa alferrik galtzea prebenidu eta murriztea; dohaintzaren bidez jatekoa aprobetxetea eta herritar guztiei jatekoa ez botateak gizartean, ingurumenean eta ekonomian daukan garrantziaren gainean sensibilizetea dira.