garraioa

Desgaitasun eta menpekotasuna dabenentzako zabaldu da BideON eskaripeko garraio zerbitzua

Asier Abrisketa 2024ko mai. 31a, 11:41

Goizez udaletxeetan, osasun-zentroetan, farmazietan, saltokietan, banku-bulegoetan edo kutxazainetan edozein motatako kudeaketak egiteko eskatu leikie zerbitzua.

BideON Arratian eskaripeko garraio zerbitzu jasangarriak adineko personei eta unibersidadeko ikasleei emoten deutsa zerbitzua; lehenengoei kudeaketak egiteko eta bigarrenei, ikasketa zentroetara hurbiltzeko. Oin, desgaitasuna edota menpekotasuna, adin muga barik, daben arratiarrek be erabili ahal izango dabe euren kudeaketak egiteko.

Beraz, desgaitasun fisikoa, psikikoa, adimenekoa edo sentsoriala dabenek zerbitzua 08:00etatik 14:00etara eskatu ahal izango dabe udaletxeetan, osasun-zentroetan (Usansoloko Ospitalea eta Galdakaoko anbulategia barne), farmazietan, saltokietan, banku-bulego eta kutxazainetan kudeaketak egiteko. Desgaitasun edo menpekotasuna frogatzeko, honen balorazinoa egiazatzen dauan dokumentazinoa aurkeztu beharko da Igorreko BideON Arratian bulegoan. Senide edo gertukoek be aurkeztu ahal dabe dokumentazinoa eta laster, online egiteko aukerea zabalduko da.

Jatorria eta helmuga Arratia eskualdean daukien lekualdatzeen kasuan, zerbitzuaren prezioa euro batekoa da ibilbide bakoitzeko. Usansoloko Ospitalera edo Galdakaoko anbulategira joateko prezioa barriz, 1,50 eurokoa da. Beharrezkoa izanez gero, BideON Arratian zerbitzuak talde horretako erabiltzaileei lagunduta joateko aukera ematen die; kasu horretan, bi ibilbideren prezioa ordainduko da. Zerbitzuak ibilgailu egokitua dauka. 

BideON Arratian

Arratiako Udalen Mankomunitatearen ekimen honen helburua ibilgailu pribatuaren mendekotasuna murriztea da, bai eta CO2 isuriak gutxitzea ere, eta, aldi berean, eskualdean bizi diren personen bizi kalidadea hobetzea, gidari profesionalekaz egindako garraio seguruaren bidez, lehendik dagoen garraio publikoko zerbitzua osotuz.

Bizkaiko Foru Aldundiak 900.000 eurogaz finantziau dau proiektuaren fase pilotua. Fase hori urtebetez luzatuko da. Holan, Herri Txiki, Aukera Handi prozesu parte-hartzailearen bidez eskualdean identifikautako erronka nagusienetariko gauzatuko da.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!