bertsolaritzea

Lau arratiar lehiatuko dira Bizkaiko Eskolarteko Txapelketako finalean

Iñigo Irua 2024ko mai. 16a, 11:28

Maiatzaren 25ean, Arrigorriagako eskolan jokatuko dan finalean kantauko dabe Aiala Irurtia, Enara Gallastegi, Iradi Barrenetxea eta Ekhi Zuluagak.

Atzo, maiatzak 15 jokatu zan, Igorreko Lasarte Aretoan, Bizkaiko eskolartekoaren atzen finalaurrekoa. Irabazlea Aiala Irurtia arantzazuarra izan zan. Hiru kanporaketak jokatuta, ebatzita geratu da maiatzaren 25ean Arrigorriagan jokatuko dan finala. Hau 10:00etan hasiko da, idatzizko frogeagaz, eta 11:30ean hasiko da bat-batekoa.

Guztira sei gaztek kantau eben atzen kanporaketako Igorreko saioan eta puntu gehien batu ebazan bertsolaria Irurtia izan zan, eta beraz, finalerako txartel zuzena lortu dau. Beste bertsolari gazteak Iradi Barrenetxea, Enara Gallastegi, Garazi Ibarretxe, Iraia Lauzirika eta Ekhi Zuluaga izan ziran.

Gai-emoile lanetan Iñaki Iturriotz ibili zan eta epaimahaia Miriam Juaristik, Mirari Azulak eta Jon Martinezek osotu eben. Idazkari lanetan, barriz, Ander Elortegi izan zan.

Bizkaiko Eskolarteko bat-bateko txapelketak hiru kanporaketa izan ditu, eta puntu gehien batu dabezan zortzi bertsolari honeek izango dira, datorren maiatzaren 25ean, Arrigorriagako eskolan jokatuko dan finalean abestuko dabenak, euren artean dagoz Aiala Irurtia, Enara Gallastegi, Iradi Barrenetxea eta Ekhi Zuluaga arratiarrak:

  • Aiala Irurtia
  • Ekhi Zuluaga
  • Enara Gallastegi
  • Garazi Uriarte
  • Iradi Barrenetxea
  • Kelmene Abaitua
  • Naroa Iturrioz
  • Naroa Jaio

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!