Gorbeialde Landa Garapen Alkarteak eta Gorbeialdeko Kuadrillak “Gorbeiako nire txoko kuttuna” lehiaketearen bigarren edizinoa antolatu dabe. Argazkiak Instagramera igon behar dira #MiRinconFavorito, #GorbeiaEuskadi eta #CorazonVerdeDeEuskadi hastag-akaz eta online inprimaki bat bete behar da irudiaren deskribapenagaz, abuztuaren 31ra arte.
Gorbeia Helmuga Turistikoaren barruko leku edota esperientziak erretratau behar dira lehiaketarako. Hau da, Parke Naturalean edo Helmugea osotuten daben herrietan: Arakaldo, Aramaio, Arantzazu, Arratzua-Ubarrundia, Artea, Areatza, Bedia, Galdakao, Legutio, Otxandio, Orozko, Ubide, Urkabustaiz, Zeanuri, Zigoitia eta Zuia. Ez da paisaiak bakarrik erretratetako lehiaketea. Animaliak, bertoko beharrak, gastronomia, herriak... Asko dira Gorbeiako inguruak emoten dauzan aukerak.
Sari bi egongo dira; lehenengoa, 200 eurokoa, eta bigarrena, 100 eurokoa. Lehenengo saria irabazten dauan lana promozinorako materialetan (postalak, pegatinak, posterrak) inprimiduteko erabiliko da, eta lehiaketa irabazi dauan lana dala adierazoko da bertan.
Igaz, 105 lan aurkeztu ziran, eta lehen saria Aintzine Larreina Fernández de Lecetak jaso eban.
Estadu mailako lehiaketea
Argazki irabazleak gainera, “Mi rincón favorito” proiektuaren estadu mailako sarietan be parte hartuko dau. Honeek dira estadu mailako sariak: 1. saria: 500 euro; 2. saria: 400 euro; 3. saria: 300 euro; 4. saria: 200 euro; 5. saria: 100 euro eta 10 akzesit-sari, 50 eurokoak.