Zapatuan, martiak 9, Arratiako gazte feministek hitzordua daukie Areatzako Laminetxe Gaztetxean, Ganbara Feminista izenpeko egun osoko jardunaldian. Horrezaz gainera, Igorren, 20:00etan Amparo Noguesek Todas las hembras que habito ikuskizuna eskainiko dau liburutegian eta Zeberion, 18:00etan, Sorgina Txirulina ipuin kontalaria egongo da Hogarrean. Hurrengo egunean, Artean, 13:30ean, La Basuk kontzertua eskainiko dau Herriko Bentan eta 19:30ean, Igorren, Sultanaren ametsa filma ikusteko aukerea egongo da.
Ganbara Feminista, Arratiako Gazte Egun Feministea, 10:30ean hasiko da. Ordu horretan, batuko dira gazteak, armozau eta esnatze jolasak egiteko. Gero, 11:30ean, feminismoaren objektu estrategikoaren gaineko berbaldia egingo dau Uma Ulazia Euskal Herriko Neska* Gazteen Sareko kideak. 14:00etan, partaideek alkarregaz bazkalduko dabe bakotxak etxetik eroandakoagaz eta arrastian, bingo musikatuak, jolasek eta poteo musikatuak osotuten dabe egitaraua. Amaitzeko, gauean Mikosis taldearen kontzertua, ekitaldia eta DJ Plast egongo dira.
Egun horretan bertan, Igorreko liburutegian, Amparo Noguesek Todas las hembras que habito ikuskizuna eskainiko dau. Klowna, jantzea, musikea, zuzeneko abestiak eta gorputz joko asko buztartzen ditu 7 urtetik gorakoentzat zuzendutako lan honek. Ikuskizuna istorioen sorta bat da, "andren bizitzako uneez berba egiteko beharrizanetik sortzean da eta badira momentu samurrak, tristeak, mingotsak, baina baita alaiak eta dibertigarriak be".
Zeberion barriz, Sorgina Txirulina ipuin kontalariak ipuin kontaketa musikatua egingo dau umeen gozamenerako.
Domekan kontzertua eta zinea
Hurrengo egunean, domekan, La Basu, rap abeslari feministeak kontzertua eskainiko dau Arteako Herriko Bentan. Etxebarriko Elena Caballero Villanueva, La Basu, 1990eko hamarkadan hasi zan rapeatzen. Raparen munduan Euskal Herrian egoan andra bakarretako bat zan eta 1999an andrazko talde bat eratu eban, Jungla Urbana izenekoa.
Arrastian, Igorren, Isabel Hergueraren Sultanaren ametsa animazinoko pelikula feministea ikusteko aukerea egongo da Lasarte Aretoan, domeketako ohiko zine saioan. Sultanaren ametsa Donostiako Zinemaldian aurkeztu zan eta euskal zinemaren Irizar saria jaso eban. Isabel Herguera zuzendari eta animatzaile donostiarraren lehen film luzea da. Filmak Rokeya Hossainek 1905ean Indian idatzitako izen bereko liburua dauka abiapuntutzat eta askatasuna bilatzeari buruzko film eder eta berezia da.