"Gure bizitzakaz negoziorik ez" lelopean, bihar, martiak 8, Andren Nazinoarteko Egunean, aldarrikapen feministez beteko dira Arratiako herrietako kaleak. Eskualdeko manifestazinoa Igorreko Kultur Etxetik urtengo da 19:30ean, eta bertara zutabeetan joateko, 19:00etan batuko dira Lemoakoak, Garakoiko bus geralekuan; Igorrekoak, Beheko plazan; Dimakoak Torrea auzoan eta Zeanuri, Areatza, Artea eta Arantzazukoak Arantzazuko plazan.
Eskualde mailako manifestazinoa iluntzean izango bada be, herrietan, egun osoan bandera moreak ikusi eta aldarrikapen feministak entzungo dira. Diman, esate baterako, 17:00etan Andran parkea atonduko eta 18:00etan konzentrazinoa egingo dabe Igorreko manifestazinora joan aurretik. Ostean, herrian bueltan, afaria egingo dabe Dimako andrek.
Lemoan, goizeko 08:30ean, Zaplast talde feministeak lapikojotea antolatu dau, eta eskolan, udaletxean, Plaza Gorrian eta Atxetako plazan entzungo dira lapiko hotsak. Bazkalostean, 17:30ean, elkarretaratzea egingo dabe Plaza Gorrian, Igorrera abiatu aurretik.
Beste konzentrazino batzuk be deituta dagoz; Zeberion 13:30ean, udaletxea aurrean; Ubiden, 18:00etan, herriko plazan, eta Bedian be, 19:00etan, herriko plazan, berbarako.
Jarduera kulturalak
“Jantzan egin ezin bada, hau ez da nire iraultza” esan ei eban aspaldi Emma Goldman idazle anarkisteak eta pentsamentu horreri jarraituz, manifestazinoaren ostean, 21:00etan, DJ Watxas egongo da Arantzazuko Herriko Tabernan, jantzan egin ahal izateko. Jarduera kulturalak be egongo dira hainbat herritan, konzienziazino feministea zabalduteko.
Holan, Bedian, ipuin kontaketea egongo da 17:30ean, liburutegian; Elssie Xalbadorrek Emakumeak mundua aldatzen izeneko kontaketea egingo dau, gurean oso ezagunak ez diran baina mundua aldatzeko lan handia egin daben hainbat andra omentzeko, Wangari Maathai Nobel Sariduna, tartean. Igorren be, 18:00etan, Eidabe Ekimen Kulturalak-ek Kuku. Ezkutuan dauden emakumeak antzezlana ekarriko dau Lasarte Aretora.