palestina

Palestinaren egoeraren gaineko hitzorduak asteon

Asier Abrisketa 2024ko ots. 27a, 10:30

Eguaztenean, hilak 28, Zer gertatzen ari da Palestinan? berbaldia egongo da Zeberion eta domekan, martiak 3, "alkartasun aktiboa" erakusteko elkarretaratzeak egingo dira Artean eta Lemoan be.

Israelen Gazaren gaineko erasoaldiak 30.000 bat palestinar hil eta beste 70.000 inguru zauritu ditu urri bigarrenean gerra berbiztu zanetik. Egoerea kritikoa da eta gatazkeak pil-pilean jarraituten dauan honetan, hitzorduak antolatu dira asteon, berbaldi bat eta elkarretaratze bi.

Berbaldia Zeberioko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak antolatu dau eta hilaren 28an, eguaztena, izango da herriko plazan, 19:00etan. Taher Ali abokatu, Palestinar Presoen Alkartasun Sareko eta Al-Yudur gazte palestinarren erakundeko kideak hartuko dau berbea bertan, "Zer dabil gertatzen Palestinan?" galdereari erantzunez.

Martiaren 3an 12:30ean, Gernikatik Palestinara. Elkartasun deiadarra. Genozidioa amaitu herri ekimenagaz bat egiten dauan Artea Palestina Elkartasun taldeak deituta, agerraldia egingo da Arteako plazan. Agerraldiak hiru helburu ditu: Netanyahu nazinoarteko epaileen aurrera eroatea, Gazan alkartasun proiektuak bultzatzea eta Palestina leku guztietan ikustarazotea. Ekintza honetarako, antolakuntzeak, Palestinako zapiak eroatea eskatzen deutse partaideei.

Elkarretaratzearen ostean, jantza bat egingo da eraildako ume, andra eta gizonen omenez eta Genozidioa gelditu manifestua irakurriko da. Kausarako dirua biltzeako Futbolin Txapelketea antolatu dabe Artea Palestina Elkartasuna taldekoek eta materiala be salduko dabe.

Lemoan be martiaren 3an, domekea, 12:00etatik 14:00etara alkartasun ekimena egingo dabe Arraibin.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!