Arratiako Gurutze Gorria boluntario eta bazkide bila dabil

Bea Azpiri 2024ko ots. 6a, 09:06

Arratiako Gurutze Gorriak etxeetara bialdu dau foileto bat bere lana azaltzen eta jentea boluntario edo bazkide izateko animetan.

Arratiako Gurutze Gorriako 60 boluntariok lau arlotan egiten dabe behar: sorospenak eta larrialdiak, gazteen Gurutze Gorria, gizarte inklusinoa eta prestakuntza arloa. Sorospen eta larrialdietan arreta emoteko, oinarrizko bizi-euskarria daukien anbulantzia zerbitzua dauka eta bailarako gizarte, kultura eta kirol jardueretan egoten dira anbulantziok, badaezpada.

Gazteen Gurutze Gorriak lau programatan dihardu: zailtasun sozial edo linguistikoak dituen umeentzako eskola laguntza; Alkarregaz, Lehen Hezkuntzatik DBHra pasetako bidea errazteko prograna; Munduari Jira Bira, 6 eta 12 urte bitarteko umeen kulturartekotasuna bultzatzeko proiektua eta Arratiako eskola publikoakazko lankidetzea.

Gizarte inklusinoan, beste hiru programa ditu AGGk; familia zaurgarrientzako arreta programea, etorkinak gizarteratzeko programak eta edadeko personen programea. Atzenik, prestakuntza arloa be landuten dau Gurutze Gorriak; lehen sorospenei buruzko ikastaroak, kanpiko desfibrilazino automatikoko ikastaroak eta laguntza psikologikoa eta prestakuntza ekintzei buruzko informazinoa emonaz.

Boluntario eta bazkideak
Lan hori guztia aurrera aterateko boluntarioak ezinbestekoak dira eta Arratiako Gurutze Gorriak kanpaina bat abiatu dau, oin dituan 60 boluntario kopurua, handitzeko. Boluntario zein bazkide izanda lagunduteak norbera eta persona askoren bizitza aldatuko dauan ebatzia dala dinoe. Horretarako, Igorren Lehendakari Agirre kalean 27 dagoan lokaletik pasau edo 94 637 62 62 telefonora deitu daiteke. 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!