Barikuan, Artean, 16:30ean hasiko da eskolako guraso alkarteak antolatutako jaialdia plazan; txokolatea eta musikea ez dira faltauko. 18:00etan, Kokomarroak taldekoak Kultur Etxean batuko dira alkarregaz janzteko mozorroak. 19:00etan, kalejiran urtengo dira eta jantza pare bat egin ostean, Infante kalean, “Kuberue” erreko dabe.
Igorren egun biko egitaraua prestatu dabe. Barikuan, 17:00etan hasiko da jaia Arantzarte jantza taldeak antolatutako kalejira bategaz. 18:00etatik 20:00etara, DJ Ismak animautako disko festa egongo da Kultur Etxeko plazan, eta txokolatea egongo da bertaratutakoentzat, 19:00etan.
Zeanurin, umeei zuzendutako jaia prestatu dau Udalak. 17:00etatik aurrera, Altxorraren jolasagaz entreteniduko dira txikerrenak eta ostean, ludotekan, banpiro jantzi eta plazara joango dira desfilea egiteko.
Zeberioko plazan, 18:00etan bananduko da txokolatea; 19:00etan jantza-plaza egingo dabe; 19:30ean, Futbolin Txapelketako finala jokatuko da eta 20:15ean, DJ Matxinadak animauko dau iluntzea.
Zapatuan jai giroa nagusi
Zapaturako prestatu dabez udal eta alkarte gehienek Aratusteetako egitaraua. Herritar eta kuadrilla askok be mozorroak eta disfrazak jantziko ditue egun horretan.
Areatzan, 13:00etan, kalejirea egongo da musikeagaz; 15:00etan, baba-jana Bainuetxean eta 18:00etatik aurrera kalejirea herrian zehar Etxebarria aita-seme trikitilariakaz. Hori dana, jakina, mozorrotuta egitera animetan dabe antolatzaileek. Mozorro edo disfraz onenek saria izango dabe.
Diman, “txuxo” (txorimalo) jantzita urtengo dira Abizarie kultur alkartekoak. 18.00etan batuko dira plazan eta ostean herritik ibiliko dira kalejiran Txuxoa erre aurretik. Txitxi-burduntzia be egingo dabe.
Igorren, 12:30ean hasiko da kalejirea zapatuan Garbetik. 15:00etan herri bazkaria egongo da eskolako aterpean eta bazkalostean, jantza batzuk egingo dabez bertaratutakoek, Fan&Go taldearen erromeriagaz. Bitartean, mozorrorik onenentzako sari banaketea be egingo da. Jaia amaituteko, 20:00etatik aurrera, Kittu taldea ibiliko da Igorreko kaleetan zehar.
Lemoan umeentzat antolatu dau Inauteri jaia Udalak. 17:00etatik 20:00etara kiroldegian izango da eta txiki-txokoa, makillaje gunea, Photocall-a, txokolatea eta disko festa ez dira faltauko. Harriketarrak Gazte Asanbladeak be, erromeria antolatu dau Gautegun taldeagaz, 23:30etik aurrera Karabie Gaztetxean.
Ubideztarrak barriz, 18:30ean batuko dira plazan, mozorro desfilea egiteko. Danon artean aukeratuko dabe mozorrorik onena, kutxa baten botoa emonez. Ondoren txitxi-burduntzia egingo da Korrikaren alde. Hau da diru bilketea egingo dabe Korrikako kilometro bat erosteko.
Arantzazun domekan, Bedian martitzenean
Arantzazun, domekan ospatuko dabez herrian karnabalak. Arrastiko 18:00etan, Mozorro eta Tostada Lehiaketea egingo dira Herriko Tabernan eta ostean, txokolatea bananduko da bertaratzen diranen artean.
Bedian barriz, martitzen karnabalen, hilaren 13an, egingo dabe frontoian umeentzako Inauteri Jaia. 17:30ean, desfilerako izena emon eta argazkiak egin ahal izango dabez Photocall-ean; 18:00etan, desfilea egingo da eta ostean, 18:30ean, Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoek Zu eta ni sudur luze bi ikuskizuna eskainiko dabe eta jaiari amaierea emoteko txokolatea bananduko da ume zein nagusien artean. Bezperan, 17:15etik 19:15era, Inauterietako tailerrak egongo dira liburutegian, familientzat.