Agate Deunaren koplak eta txitxi-burduntzi ugari antolatu dira domekarako

Asier Abrisketa 2024ko ots. 2a, 10:47

Agate Deunaren bezperak eta kanporamartxok bat egiten dabenez, herri batzuetan kantuan errondan ibili ostean, txitxi-burduntziagaz amaitutuko dabe edo alderantziz.  

Urtero lez, Arratia, Ubide eta Zeberio koruz beteko dira zezeilaren 4an, Agate Deunaren bezperan, ondo zuztartuta dagoan tradizino honeri eutsiz. Alkarteak, taldeak eta kuadrillak ibiliko dira, makila eskuan, koplak kantetan eske errondan. Gainera aurten, kanporamartxo eguna be bada hilaren 4a, beraz, su ugari be biztuko dira, txarrikiak erretako. Herri mailako santa eskeak dira hurrengoak, baina urtengo dira talde txiki gehiago be.

Arantzazun, 11:00etan da hitzordua, plazan batu eta herritik koplak kantetan joateko. Ostean, 13:00etan, kopaua egongo da Herriko Tabernan, kantuan ibili diranentzat.

Areatzatik urteten da Arratiako Korua, goizeko 08:00retan bertan mezea entzun ostean eta Areatzan amaituko dau errondea 21:30ak aldera. Aurten kanporamartxo egun berean danez, Lamino mendi klubak deialdia egin dau 10:00etan eleiz portalean batu, Upora igon eta han kanporamartxo ospatuteko.

Artean, jubiladuen alkarteak antolatu dau kanporamartxo ibilaldi baten ostean. 09:30ean ekingo deutsie ibilbideari eta 13:00etan izango da txitxi-burduntzia Eleixabeitin. Kokomarroak 11.00etan batuko dira plazan, auzoz auzo santa eskean ibilteko. Plazatik urten eta Kalleja, Larrazabal, Esparta eta Goikotik pasauta, San Martinen jubiladuakaz alkartuko dira, danak alkarregaz joateko Elexabeitira. 

Bedian, Ganguren mendi taldeak antolatu dau kanporamartxo goizean eta arrastiko 17:00etan batuko dira bediaztarrak herriko plazan auzoz auzo kantuan joateko.

Diman, Guraso alkarteak antolatu dauz Santa Ageda bezpera eta kanporamartxo. 10:00etan, eskolan alkartuko dira koplak kantetako, eta Ibarra, plazea, Piedadea, Landaburu, Telleri eta Bikarregitik pasau ostean, Oban amaitu dabe errondea. Han, Obako plazan, kanporamartxo egingo dabe. Txorizoa, urdaia eta pamitxea eta burdintzian erreteko aukera beganoa, Guraso alkartearen kontura izango da; baina burduntzia etxetik eroan beharko dabe partaideek. 

Igorren, guraso alkarteak eta Arantzarte jantza taldeak deituta, 11:30ean batuko da edade guztietako jentea Kultur Etxean, herritik zehar eske errondeari ekiteko. 

Lemoan, arrastiko 17:30ean, udaletxeko plazan da hitzordua, makilak hartu eta Agate Deunaren koplak kantetan urteteko.

Ubiden, 16:00etan, batuko dira herritarrak plazan, herri eta auzoetatik kantuan egiteko.

Zeanurin, koru ugari dagoz auzuneetan eta urtero-urtero baserririk apartatuenetara be hurreratzen dira. Horrezaz gainera, aitatzekoa da ermitan Agedaren bizitza kantetan dauana, Agate Deuna egunaren osteko lehenengo domekan. Hilaren 11n izango da aurten. Meza ostean, barauskarria eta txistulariak egongo dira ermita inguruan.

Arratiako Korua

Garazi Navasen zuzendaritzapean, Arratiako Koruak be, aurten 73.ez, egingo dau bere ibilbidea Arratiatik eta Arratiatik kanpo. Koplak kantetan batutako dirua Caritasentzako izango da. 

Agate Deuna Areatzan

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!