FUTBOLA

Garaipenik ez atzen jardunaldian

Iñigo Irua 2024ko urt. 29a, 08:00

Gizonezkoen Arratia A eta Dinamo San Juan taldearen arteko partidua Urbietan.

Andrazkoen Arratia A taldeak eta gizonezkoen Ak bardindu egin ebezan euren partiduak etxean. Andrazkoen Arratia B taldeak, atzen sei partiduak irabazi ostean, galdu egin eban liderraren kontra etxetik kanpo. Gizonezkoen Arratia Bk eta Lemoako Harrobik galdu egin ebezan euren partiduak.

Andrazkoen Arratia A taldeak domeka eguerdian jokatu eban Salamanca FF taldearen kontra eta bina bardindu eban. 2024an galtzean dauzan lehen puntu biak izan ziran domekakoak. Hamazazpi jardunaldiren ostean 28 puntu ditu Arratiak eta zazpigarren postuan dago. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Oiartzun taldearen kontra zezeilaren 3an, arrastiko 15:30ean.

Andrazkoen Arratia B taldeak domeka eguerdian jokatu eban etxetik kanpo Basauriko Kimuak B talde liderraren kontra eta 2-1 galdu eban. Arratia Bk atzen 6 partiduak jarraian irabazita eroiazan. 16 jardunaldiren ostean 30 puntu ditu Igorreko taldeak eta laugarren postuan dago. Datorren partidua etxean jokatuko dau Bizkerre C taldearen kontra zezeilaren 3an, arrastiko 15:30ean.

Gizonezkoak
Lemoako Harrobi taldeak zapatu arrastian jokatu eban Arlonagusian Begoña A taldearen kontra eta 1-6 galdu eban. 18 jardunaldiren ostean seigarren postuan dago 28 puntugaz. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Orozkon sailkapeneko bigarren postuan dagoan Atxulaur A taldearen kontra zezeilaren 4an, arrastiko 16:00etan.

Gizonezkoen Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban Urbietan Dinamo San Juan A taldearen kontra eta husna bardindu eban. Sei jardunaldi daroaz A taldeak partidurik irabazi barik. 18 jardunaldiren ostean 22 puntu ditu Arratia Ak eta zortzigarren dago sailkapenean. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau zezeilaren 3an Zamudio taldearen kontra, arrastiko 17:00etan.

Gizonezkoen Arratia B taldeak be zapatu arrastian jokatu eban etxetik kanpo Ermua A taldearen kontra eta 2-0 galdu eban. 18 jardunaldiren ostean hamabigarren postuan dago 21 puntugaz. Datorren partidua etxean jokatuko dau Arratia Bk Usansoloko Umore Ona A taldearen kontra zezeilaren 4an, eguerdiko 12:30ean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!