Arratiako Udalen Mankomunitateak, Bizkaiko Foru Aldundiko laguntzeagaz, herritarren beharrizanei egokitutako garraio publikoaren proiektu pilotua ipini gura dau martxan 2024ko urtailean. Zerbitzua adimen artifizialeko algoritmoen bidez diseinau dagian, Celering enpreseari esleitu jako proiektua.
Ibilgailu kopurua, ordutegiak, sarritasun handieneko ibilbideak eta, jentea jasoteko beharrezkoak diran geralekuak ebazteko erabiltzaile potentzialen ibilbide ohikoenak jakin behar dabe eta galdetegi bat bananduko dabe etxeetan. Hilaren 22ra arte bete daiteke eta online be eskuragarri dago Arratiako Udalen Mankomunitateko www.arratia.net webgunean; baita 94 471 46 24 telefonoan be.
Zerbitzua martxan dagoanean erabili ahal izateko, erabiltzaileak, zerbitzua erreserbau egin beharko dau aplikazino baten bitartez edo telefono batera deituz. Gidariak eskaerea jaso eta eskatzailea dagoan lekutik hurren dagoan geralekuan jasoko dau. Bidaia, beste erabiltzaile batzukaz konpartidu ahal izango da.
Celering enpreseak, taxi-gidariakaz eta tokiko autobus konpainiakaz lankidetzan, gauzatuko dau proiektua, "denpora errealean, ibilbideen eskaerea ibilgailu motara eta erabilgarri dagozan jesarleku kopurura egokituz, ibilbideak optimizauz eta erreserban eskatutako lekualdatze premina bereziak egokituz".