Zapatua, zemendiak 25, Andren Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazinoarteko Eguna da eta Arratiako Mugimendu Feministak eta erakundeek deituta, konzentrazinoak egongo dira herrietan. Arrastian Bilboko manifestazinora joateko deialdia egin dau Arratiako Mugimendu Feministak. Bilboko manifestazinoa Jesusen Bihotza plazatik abiatuko da 18:00etan, “Indarkeria matxista gabeko bizitzak, bizirik, aske eta antolatuta” lemapean. Izan be, muturreko indarkeria matxisteak aurten, 4 andra eta ume bat erail ditu eta indarkeria matxisteagaz amaituteko neurriak agenda politikoaren lehen lerroan ipinteko eskatuko deutse jenteak erakundeei. Euskal Herriko Mugimendu Feministak “beste behin be, antolatuteko daukan gaitasuna erakutsi gura da”.
Mobilizazinoez gainera, sensibilizetako ekintzak hasita dagoz eta hile osoa hartuko dabe. Holan, atzo Areatzako udal bilkura aretoan, Zaintza sistema: erronkak, proposamenak eta borroka feminista izenpeko mahai ingurua egon zan. Matxalen Legarreta Iza ikerlariak, Katia Henriquez Dominguez ELA sindikatuko delegaduak eta Begoñe Markina Andueza LABeko kideak, hartu eben parte. Gaur, hilak 22, 19:30ean, Feminissimas antzezlana egongo da Lemoako Kotxepin Kultur Etxean; eguenean, Zeanurin, 18:00etan, Mustang pelikulearen inguruko zineforuma eta barikuan, hilak 24, 17:30ean, Bedian, genero indarkeria bisibilizetako solasaldia Liburutegian eta Diman, 19.00etan, Tomiris antzezlana frontoian.