EKITALDIA

Ekitaldia egin zan Arratia Institutuan, Literaturearen balioa aitortzeko

Erredakzinoa 2023ko aza. 20a, 12:00

BEGITUren edizino digitalera dakargu, Urruzunotarrak Arratian ekitaldian Mikel Urkixok Idatziaren garrantzia izenburuagaz egindako berbaldia, Urkixok emondako moduan, bizkai euskerara ekarri barik. Ekitaldia Igorreko Arratia Institutuan egin zan, zemendiaren 7an, eta Arratiako eta Hezkuntzako eragile eta ordezkari ugari batu zituan. Andere Bouza, June Etxezarraga eta Enara Gallastegi ikasleak omendu ebezan, 2023ko Urruzuno Literatur Lehiaketako saridunak hirurak.

Idatziaren garrantzia

Lehenik, eskerrak Jasoneri Aldekoari, Berritzeguneko Normalkuntza arduradunari. Zeberioztarra bera ere, nire antzean. Gainera, zer esan… umemoko bat nintzenetik ezagutzen nau.

Eskerrak Alberto Telleriari, gaur gurera hurbiltzeagatik eta bere berbengatik.

Eskerrak Galder Olibaresi, hamaika saltsatan sartzeko prest egoten delako eta horrek bizirik mantentzen gaituelako.

Eskerrak bertaratu zareten Hezkuntzako langileoi, Zertu kultur elkarte eta Igorreko Udaleko ordezkarioi, Mankomunitateko eragileoi, eta ikasle guztioi.

Eta eskerrak, nola ez, Andere, Enara eta Juneri, egun hau posible egin duzuelako.

Jasone Aldekoak eskatu zidan Idatziaren garrantzia izenburua zuen hitzalditxo bat ematea. Ekitaldi honetako kartelak Bernat Etxepareren berbak biltzen ditu izenburuan: “Bertze jendek uste zuten ezin eskriba zateien…”. XVI.mendeko behe-nafarreraz idatziriko esaldia. Gaurko euskaraz, edo beste era batera esanda, jende askok uste zuen gure hizkuntza, Euskara, ez zela letretarako hizkuntza.

Hizkuntza bati status-a, “bisibilitatea” edo munduan tokia ematen diona bere idatzizko ekoizpena izaten da. Letrak dira hizkuntzetako arte gorena. Letrek ematen diote distira hizkuntzari. Eta gurean letragile edo idazle askok erakutsi zuten, historian zehar, Euskara ere bazela inguruko hizkuntza handiak bezainbesteko.

XVI. mendean, Etxeparerekin batera, Lazarragak eta Leizarragak gure letren mundua ezagutzera eman zuten, bakoitzak gai, estilo eta euskalki diferenteetan.

Hurrengo mendeetako letragileak, ia denak, apaizak izan ziren, eta egundoko lana egin zuten, eurak baitziren, gizarteko estamentuetan, ikasiak ziren bakarretakoak. Eta gai moral eta erlijiosoak gehienbat landu zituzten gure hizkuntzan. Nori berea, Jainkoaren legea. Bakoitzak bere aitortza merezi du; nahiz eta literatur balioari dagokionez, lan ez oso aipagarriak izan.

Baina Euskara letren munduan nagusituz joan ahala, Europako abangoardia guztiak jasotzen hasi zen.

Euskararen apologistek, defendatzaile sutsuek, Larramendi buru zutela, kartsuki defendatu zuten gure hizkuntza haren etorkizuna arriskuan ikusi zutenean, inoiz gehiegikerian erori eta zientifikotasunetik aldendu baziren ere. Hortxe dugu Larramendiren El imposible vencido, lehen euskal gramatika. Izenburuak dioen gisan, El imposible vencido, ezinezkotzat jotzen baitzuten askok euskarak gramatika bat izan zezakeenik; ez baitzen inguruko hizkuntzen mailara ailegatzen, ondoko hizkuntzetako pentsalari askoren arabera.

Hizkuntza beti izaten da borroka esparrua. Eta gu, euskaldunak, gure unerik ahulenean ere, beti egon gara borroka kultural horretarako prest. Eta Larramendik, XVIII. mendeko borroka kultural-intelektual hartan, argi utzi zien aurkariei gure hizkuntzak haienak beste dirdir egiten zuela.

Gure autore erromantikoek, atzerriko idazle erromantikoen antzean, pasioz idatzi zuten aberri, guda, natura eta maitasun ezinezko eta zorigaiztokoez.

Neoklasikoek jardun fina erakutsi zuten, bai euren prosa, fabula edo alegia, edota antzerkietan.

Bizenta Mogelek aldarrikatu zuen idaztea ez zela gizonezkoen kontua soilik, eta emakumeek ere nahi zutela letretan murgildu. Bizenta Mogel dugu lehen emakume idazlea, baina ziur aurretiaz ere emakume askok, jendaurrean edo gordeka, ezagutzen ez ditugun poema edo prosa estilokoak izkiriatu zituztela.

Bertsolari eta poetek aukera izan zuten Lore Jokoetan, Anton Abbadiak sorturiko jaialdi kulturaletan, euren trebetasun eta abileziak erakusteko.

Lizardik eta Lauaxetak XX.mendean Europako joera modernoetara eraman zituzten gure letrak.

Jon Mirandek erotismoa, paganismoa eta garaiko moralaren aurka jo zuen, artistek berezko izaten duten errebeldia eta adierazteko beharrizanari jarraituz.

Txillardegik existentzialismora eraman gintuen, Europan puri-purian zegoen korrontearekin bat eginez.

Gazteegi joan zitzaigun Gabriel Arestik gure hizkuntza eta aldarrikapen sozialak uztartu zituen, beti langilearen alde paratuko zela behin eta berriz aldarrikatuz.

Nola ahaztu Joxean Artze, Xabier Lete edo Bitoriano Gandiaga bezalako poeten lanen balio eta sentsibilitatea…

Ramon Saizarbitoriak eta Bernardo Atxagak erakutsi ziguten geure burua ispiluaren aurrean jartzearen garrantzia. Gure kontraesan, amets ezinezko, atrozidade eta bekatu txiki eta zenbait bekatu handi seinalatu zizkiguten. Halaxe egiten baita literatura handia. Norberaren akats eta barka ezin direnak ispiluaren aurrean jarriaz, eta errekako uraren kontra igerian eginez.

Arantxa Urretabizkaiak, kontaketa teknika modernoenekin, emakumeen egunerokoa erakutsi zigun. Borroka txikiek baitute garrantzia, baina gu berandu jabetu ginen, borroka handiez idaztera ohituak baikinen. Eta, apurka-apurka, emakumeek eta baztertuek euren literaturak erdigunera ekarri zituzten. Juanjo Olasagarrek, Itxaro Bordak eta beste zenbaitek gay, lesbiana eta bazterreko pertsonaien istorioak aldarrikatu zituzten.

Eta gaur egun Eider Rodriguezen lanez gozatzeko aukera dugu euskaldunok. Edota Maialen Lujanbio, harribitxi bat bere horretan, “lujo” bat.

Eta askok dena idatzia dagoela esaten duten honetan, zertarako jarraitu idazten?

Idatzi egin behar da, lehenik eta behin, gustuko dugulako.

Idatzi egin behar da, mundua kontatzeko.

Idatzi egin behar da, konforme ez gaudelako.

Idatzi egin behar da, errebeldeak garelako.

Idatzi egin behar da, idazteak eguneroko bizitzak eskaintzen digun mediokridadetik aldentzeko aukera ematen digulako.

Idatzi egin behar da, gauza asko gustuko ez ditugulako

Idatzi egin behar da, ez idaztea hauturik errazena delako.

Idatzi egin behar da, idazteak norbera ezagutzeko balio duelako, nahiz eta batzuetan min egin.

Eta idatzi egin behar da, letra bidez errealitatea hobeto azaltzen dugulako: ederragoa, itsusiagoa, errealagoa, justuagoa, mistikoagoa, hurbilekoagoa, pasionalagoa…

Eta Hezkuntzaz ari garela, Hezkuntzako ekitaldi honetan, argi izan behar dugu idazteak eta arteak, sormenak azken batean, behar dutela izan Hezkuntzaren zutabeetako bat. Gure ikasleak sorkuntzara bideratu behar ditugu. Horretan, geuk ere -irakasleok- badugu egitekorik. PASIOA jarri behar zaio artea eta literatura irakasteari. Ikasleak harrapatu. Ez da erraza. Eta ez ditugu denak harrapatuko. Idazleak eta artistak rara avisak, gutxi batzuk, izaten baitira. Baina sentsibilitate berezia duten horiek lagundu behar ditugu. Eta ez dago formula bakarra. Nork bere liburuxka erabiliko du, eta denak dira zilegi. Baina liburuxka edo formula guztiek oinarri berbera izan behar dute: PASIOA. PASIOA hizkuntzarekiko, letrekiko.

Eta gogoan izan 1545etik gaur egunera arte, haria ez dela eten. Eta guk gaur egun idazten dugun horrek harreman estua duela Etxeparek duela 5 mende idatzi zuenarekin. Literatura mende askotan zehar idatzi duten autoreen arteko elkarrizketa etengabea da. Elkarrizketa bizia. Letretan geratzen dena beti bizirik geratzen baita.

Euskara irakasle batzuok erabaki genuen iaz Urruzuno -nork bere erara- PASIOZ lantzea. Eta halako ikasleak badituzu: Andere, Enara eta June, dena da errazago.

Bernardo Atxagak Gure hitzak izeneko poeman dioen legez:

“Gure hitzak

esan berriz esan,

ez daitezela ahaztu,

ez daitezela gal”.

Poema hori idazteko, Abdelfatah Kilito idazle arabiarraren ideia batean oinarritu zen. Zera dio ideia horrek: Hizkuntza eta kultura baten bihotza errepikapena da. Hortaz, kultura batek bizirik iraun dezan, hitzak behin eta berriro idatzi egin beharko ditugu.

Beraz, guri dakokigu, eta zuei, gazteoi, dagokizue gehienbat, gure hitzak behin eta berriro idaztea, behin eta berriro esatea, behin eta berriro errepikatzea… poemak dioen legez, betiko galdu eta ahaztu ez daitezen.

Eskerrik asko.

 

 

 

 

 

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!