onewall

Lur Ziarrusta eta Mikel Beldarrain, Belgikako OneWall Openean

Asier Abrisketa 2023ko aza. 6a, 10:04

Final-laurdenetan bata bestearen kontra jokatu eta Ziarrusta urten zan garaile. Finalaurrekoan ostera, irabazten joan baina min hartu eban dimoztarrak eta atzenean, galdu egin eban.

Astegoienean, European OneWall Tour-eko Belgikako Opena jokatu da eta bertan egon dira Rebotean OneWall Klubeko Lur Ziarrusta dimoztarra eta Mikel Beldarrain arteaztarra. Zapatuan banaka aritu ziran eta lortu eben kanporaketa faseetara ailegetea, Ziarrusta finalaurrekora be heldu zan baina lesionauta amaitu eban partidua. Hurrengo egunean binaka jokatu eben, baina ez ziran lehen fasetik pasau.

Zapatuko banakako partiduetan, Lur Ziarrusta lehen faseko hiru partiduak irabazita pasau zan kanporaketa fasera. Mikel Beldarrainek ostera, hirutik bi irabazita egin eban aurrera eta final-laurdenetan, bata bestearen kontra jokatzen ikusi ziran. Dimoztarrak irabazi eban partidua, 25-18, eta beraz, finalaurrekora pasau zan.

Holan, Lur Ziarrustari Conor Mcelduff-en kontra jokatutea egokitu jakon, Europako sailkapeneko bigarrena. Berak kontau dauanez, partidua ondo joan zan, dimoztarra aurretik. Halanda be, partidu erdikaldiean, 14-12 irabazten joanda, orkatilean min hartu eban eta aurrera egiten saiatu bazan be, ezin izan eban ondo jokatu. Beraz, 25-20 amaitu zan partidua aurkariaren alde.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!