eskupelotea

Arratiar ugari batu ziran Euskal Herriko Bote Luzea Txapelketearen finalean

Asier Abrisketa 2023ko urr. 27a, 11:31

Bizkaiko talde bien artean jokatu zan finala eta zazpi arratiar egon ziran bi taldeetan banatuta. Bizkaia 1 taldeak eroan eban txapela, Ekhi Ziarrustak tartean. Beste seirak, azpitxapeldun izan ziran.

Zapatuan Euskal Herriko Bote Luzea Txapelketearen finala jokatu zan Algortako Biotz Alai plazan, Bizkaia 1 eta Bizkaia 2 taldeen artean. Lehen taldea urten zan garaile 7-5 irabazita eta jokalarien artean egon zan Ekhi Ziarrusta dimoztarra. Bigarren taldean ostera, Lur Ziarrusta, Mikel Beldarrain, Ibai Cimadevilla, Ireber Eraña, Ander Varela eta Mikel Aurrekoetxea egon ziran. Ekipo biak, bigarren izan ziran ligaxka faseetako bi taldeetan eta finalaurrekoetan, gipuzkoar talde biak mendean hartuta.

Bizkaia 1 taldea garaipenaren ostean, Ekhi Ziarrusta tartean.

Lur Ziarrusta azpitxapeldunak kontau dauanez, "partidu gogorra izan zan, euren kantxan jokatu genduan eta guk normalean 60 metrotan ibilten gara; kantxa honek 47 daukaz eta gure jokoa aldatu behar izan genduan". Holan, hasikera txarra izan eban arratiar gehien batu ebazan taldeak, 5-2 galtzean. Gero, erritmoa hartu eta 6-5 hurreratu izan ahal ziran. Denporea amaitu zanerako, atzen jokoa hasita egoanez, bardinduteko aukerea izan eben. "Atzen jokoa oso gogorra izan zan, 25 bat minutokoa, oso luzea". Halanda be, atzen kolpea Bizkaia 1 taldeak eroan eban eta 7-5 amaitu zan lehia.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!