Eguenean, hilak 12, Kristonak talde arratiarra Liverpool uri ingeleseko The Cavern Club mitikoan egongo da zuzeneko kontzertua joten. Holan, 1961ean The Beatles taldea jaioten ikusi eban tabernak, lehenengoz hartuko dau musika euskalduna, Peio Artetxe baxu-joleak Begitu Aldizkariaren 413. zenbakian azaldu ebanez: "Guk dakigula, ez da euskal talderik handik ibili joten".
Edozein rockerurentzako, leku berezia da The Cavern eta taldea, harro agertu da bertoko oholtzan toki bat izateagatik: "Badagoz munduan Meka moduko hainbat leku sagradu non fidelak zapaldu behar daben behintzat bizitzan behin. Holango zeozer da The Cavern musikea zanetan daroagunontzat. Niko Etxartek rock'n rolla ekarri eban Euskal Herrira 1970eko hamarkadan, eta Nikoren profetak garan moduan, gure agindua euskerea rock'n rollaren zuztarrera eroatea da".
