Deiadar Mendien egunean, lurra defendiduteko deia zabaldu eben arratiarrek Aramotzetik

MAKATZAK Arratiako Ekologistak 2023ko urr. 11a, 10:49

"Beste eredu batera aldatzea beharrezkoa eta posiblea da, baina benetako transizino energetikoak demokratikoa, sozialki bidezkoa eta ingurumenarekiko errespetuzkoa izan behar dau"

Egun on guztioi,

Aramotzera, Pagotxuetako Tumulu Megalitiko gailurrera igon gara, ingurune natural zoragarri honeri eragiten deutsan mehatxua salatuteko.

Bizkaiko Diputazinoak, Eusko Jaurlaritzeak, Red Electrica Española eta “Industri Berdeak” Aramotzeko sai zuria eta bere ingurune babestua “sakrifizio-gune" izentau dabe, REE enpresak daborduko altzau ditu Aramotzen goi tensinozko, legez kanpoko torreak, miru zuriaren habitat natural babestua suntsituko dabenak. Hau guztia espekulazino-oldearen hasikerea besterik ez da, Gueñes Itsaso autopista elektriko honek inguruetako mendiak parke industrial eolikoz beteko ditu laster, sortutako energia Frantziara eroateko bakarrik.

Plan horreek aurrera jarraitzen badabe, gailur honeen inguruan ikusten doguna industrialde handi bat bihurtuko da, 250 metrorainoko altuerako aerosorgailuen lerroakaz, sartzeako autobideakaz, torreakaz eta goi-tensinoko lineakaz, azpiestazino elektrikoakaz eta abar.

Hondamendi ekologikoa litzateke: milaka hegazti eta saguzar hilko ditue urtero, akuiferoak nahastu, lurrak kutsatu, basoak eta paisaia suntsituko ditue. Hondamendi soziala be izango litzateke: turismoak, ondareak, abeltzaintzak eta nekazaritzak kalte larriak jasango ditue-ta. Gure etxeek eta lursailek balioa galduko dabe. Lemoa, Igorre, Zornotza, Dima, Arratia eta Bizkaia, oindino pobreagoa bihurtuko litzateke.

Hemen bizi garenon bizi-kalidadea eta osasuna nabarmen okertuko liratekez, besteak beste, errotatzarren soinu eta bibrazinoengaitik. Lur honeetatik bota gura gaitue.

Ustezko "transizino energetiko" baten izenean egiten dabe guzti hori. Baina guzurra da. Egia esateko, eredu zentralizau eta irensle berari garbiketa berde bat aplikau gura deutsee, enpresa handiei bakarrik mesede eginaz.

Beste eredu batera aldatzea beharrezkoa eta posiblea da, baina benetako transizino energetikoak demokratikoa, sozialki bidezkoa eta ingurumenarekiko errespetuzkoa izan behar dau.

Espoliazino honen aurka altzau gara! Pagotxuetako Tumulu gailurrera igon gara, mendi honeek gureak dirala aldarrikatzeko. Herri-mendiak dira antxina-antxinatik, eta oin ez dogu onartuko eskaintzailerik hoberenei esleitzea.

Gu bezala, beste talde batzuk beste deiadar-mendietara igon ziran. Adarren hotsa sortuko dogu batera, Bizkai osoan entzun daiten herria zutik dagoela lurraldea defendiduteko, gure etxea eta gure bizitza baita.

Aramotzen EZ!
Mendietan EZ!

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!