Arratiako gizonezkoen futbol taldeek joandako astegoienean jokatu ebezan ligako lehen partiduak. Zapatu arrastian izan zan aurreko denporaldian Lurraldekoa Ohorezko Mailara igondako Arratia A taldearen txandea. 1-2 irabazi eban Arratiak Dinamo San Juan A taldearen kontra. Lehen zatian 1-0 joan ziran galtzean baina bigarrenean bueltea emotea lortu eben Edorta Ormazabal billaroztarraren eta Jon Ordeñana zortzotzarraren golakaz. Lehen jardunaldiaren ostean 3 puntu ditu Igorreko taldeak. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Zamudio A taldearen kontra zapatuan hilak 30, arrastiko 18:00etan.
Gizonezkoen Arratia B taldeak be zapatu arrastian jokatu eban ligako lehen partidua. Igorren jokatu eban B taldeak Ermua A taldearen kontra eta 0-3 galdu eban. Lehen jardunaldiaren ostean B taldeak ez dauka punturik. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Usansoloko Umore Ona A taldearen kontra hilaren 30ean, arrastiko 16:30ean.
Lemoako Harrobik ostera domeka eguerdian jokatu eban etxetik kanpo Begoña A taldearen kontra eta 3-2 galdu eban. Lemoakoek lehen jardunaldiaren ostean ez daukie punturik. Datorren partidua Arlonagusian jokatuko dau Orozkoko Atxulaur A taldearen kontra hilaren 30ean, arrastiko 18:00etan.
Andrazkoen lehen porrota
Andrazkoen Arratia A taldeak ligako lehen partidu biak irabazi ostean, 1-2 galdu eban Oiartzun taldearen kontra Urbietan ligako hirugarren jardunaldian. Partidua Amaia Altzagak sartutako golari ezker 1-0ko emaitzeagaz heldu zan atsedenaldira baina bigarren zatian aurkariek gol bi sartu ebezan. Arratiak penalti bat hutsegin eban bigarren zatian. Hiru jardunaldiren ostean zazpigarren postuan dago Arratia A 6 puntugaz. Datorren partidua urri bigarrenaren 1ean jokatuko dau talde arratiarrak etxetik kanpo San Ignacio taldearen kontra eguerdiko 12:30ean.