hauteskundeak

EH Bilduk 22 botogaitik irabazi deutso EAJri Arratia, Ubide eta Zeberion

Asier Abrisketa 2023ko uzt. 24a, 10:04

Maila nazionalean legez, EH Bilduk hobetu (+307 boto) eta EAJk okertu (-450 boto) egin ditue oin dala urteko emaitzak. Beste aldetik, PSOE (+295), PP (+66) eta Vox (+46) igon egin dira eta Sumar bajatu (-295).

Espainiako Gorteetarako hauteskunde orokorrak egin ziran atzo eta ez bloke batek ez besteak ez ditu 176 jarleku lortu, hau da, parlamentuaren erdia gehi bat. Bozkatuena, PPko Alberto Nuñez Feijoo izan da eta 136 diputadugaz. Vox-ek ostera, 33 jarleku ditu eta UPN zein Coalicion Canariako diputadu banagaz, eskumako blokeak 171 jarleku gehitzen dauz. Beste aldean, PSOEk 122 eta Sumarrek 31 diputadu ditue, 153 bloke progresistarentzat. Gitxiago dira baina ERC, Junts, EH Bildu, EAJ eta BNGren babesa lortzeako aukera gehiago ditue, honeek, 26 jarleku gehitzen dabez. Dana dala, jarleku danak beharko ditue eta Carls Puigdemonten Junts-ek adierazo dau, ez dala merkea izango.

Euskal Herrian ostera, aldaketa handiak egon dira 2019ko bozkaketakaz konparauta. Lehenengo indarra PSE izan da, zazpi jarleku eta oin dala lau urte baino 70.000 bozka gehiago lortuta. Beste alde batetik, bloke abertzaleen balantzak ezkerrera egin dau. Jeltzaleek 103.000 bototik gora galdu eta sei diputadu izatetik, bost izango dabez. EH Bilduk ostera inoizko emoitzarik onenak lortu ditu, 2019an baino 55.000 boto baino gehiagogaz, sei jarleku izango ditu. Sumarrek barriz, diputadu bakarra izango dau, PPk hiru eta UPNk bat.

Arratian be, aldaketak egon dira, Euskal Herriko norabidea jarraituta. Jeltzaleek atzera egin dabe, 450 boto galduta. Kontrara, 307 boto gehiago ditu ezker abertzaleak, eskualdeko lehen indarra bihurtu dalarik. Sumarrek barriz, 512 boto batu ditu, Podemos eta Mas Paisek 2019an lortutakoak baino 295 gitxiago. Beste alde batetik PSEk, PPk eta Vox-ek, gurean boto gitxi lortuten dabez baina igokera nabaria izan dabe oin dala lau urteko emaitzakaz konparauta. PSEk 274 boto gehiago ditu, 779 guztira; PPk 66 boto gehiago, 240 guztira; eta Voxek 46 gehiago, 121 guztira.

2023ko garagarrilaren 23ko hauteskundeen emoitzak:

  EH BILDU EAJ PSOE SUMAR PP VOX Abstentzinoa
ARANTZAZU 136 61 22 9 0 3 %21,17
AREATZA 287 228 59 36 30 9 %24,91
ARTEA 188 200 27 25 14 4 %22,10
BEDIA 124 289 74 58 28 17 %29,58
DIMA 479 276 28 46 13 9 %26,32
IGORRE 774 868 245 122 49 29 %29,47
LEMOA 567 721 239 131 83 41 %29,58
UBIDE 58 18 7 10 1 0 %29,10
ZEANURI 350 295 40 42 15 2 %23,90
ZEBERIO 292 277 38 33 7 7 %23,68
GUZTIRA 3.255 3.233 779 512 240 121 %25,98

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!