sanjuanak

Gaua argiztauko dabe gaur San Juan bezperako suek

Asier Abrisketa 2023ko ekainaren 22a

Bagilaren 23ko gauean, eskualdeko herri guztietan izetuko dira udari ondo etorria emoteko suak. Ikusi hemen herri bakotxeko programazinoa.

"Zapoak eta sugeak erre, artoak eta gariak gorde" suaren inguruan kantetako gaua izango da bagilaren 23koa Arratia, Ubide eta Zeberion. Denpora "paganoetan" udako solstizioa ospatuteko gaua zan eta kristautasunaren etorrereagaz, San Joan Bautistaren jaiotzea zan ospakizunerako arrazoia. Halanda be, beste tradizino askogaz pasau dan moduan, paganismoa eta kristautasuna nahastuta manteniduten da gaur tradizino hau Euskal Herrian. Holan, herritarrakaz batera kantau, jan eta suaren inguruan jantza egiteko gaua izango da biharkoa; herri guzti-guztietan egongo da zer egin.

Arantzazu: plazan batuko dira herritarrak 18:00etan egurra batzeako; 20:30ean hasiko dira sardina eta saiheskia erre eta zerbitzatuten; sua barriz, 21:30ean izetuko da.

Areatza: Malas Compañias zirku taldeak Zirkus ikuskizuna taularatuko dau 19:00etan eta Zubizarran, 20:00etan banatuko dira sardinak; sua 20:30ean izetuko da.

Artea: Santamañen egingo da ospakizuna 20:00etatik aurrera, sua eta sardinak egongo dira.

Bedia: jaietako herri afaria izango dabe lehenengo bediaztarrek eta sua gauerdian izetuko da; gero hasiko da Garilak 26 taldearen erromeria.

Dima: Iturrigorriko landan, 20:30ean izetuko da sua eta honegaz batera, txitxiburduntzia egingo da.

Igorre: San Juan Bautistaren ermitak 300 urte betetan ditu aurten eta hau gogoratuteko kamisetak egongo dira salgai 20:00etan txupina bota orduko; 20:30ean hasiko da sardina banaketea eta sua 22:00etan izetuko da; gero, Kittu taldeak girotuko dau gaua.

Lemoa: Tellerretan egingo da ospakizuna 19:30etik aurrera; umeentzako ekintzak, jana eta edana salgai eta Arbasoak taldearen zuzeneko musikea egongo dira suagaz batera.

Ubide: jaien hasikera eguna izango da San Juan bezpera eta arrastian, plazan arbola altxau orduko hasiko da jaia 19:00etan; sua 23:00etan izetuko da eta DJ Bad Sound Sisterrek girotuko dau gaua.

Zeanuri: Altzuaga auzoan izango da jaia, 15:00etan txupina bota orduko; sardinak, txarri giharra eta txokolatea zerbitzauko da 21:00etan eta gero izetuko da sua, trikitixek girotuta.

Zeberio: Arkulandan izango da jaia 21:30etik aurrera eta suaz gain, parrilladea eta edana egongo dira.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!