Arratiako Musika Eskolea eta Elorrioko Garamenditar Agustin Musika Eskolea alkarlanean ibili dira atzenaldian, ekoizpen musikal profesional bat grabetan. Ikasleek aukeratu eben Unidad Alavesa taldearen SU EMAN abestia eta hau moldatu dabe, gero soinua Bilboko BALEA estudioan grabau eta bideoklip bat be egin dabe Arratian, Otxandion eta Elorrion hartutako irudiakaz. Prozesu hau erakusten dauan making of bideoa be egin dabe.
Holan, hamabi eta hogei urte bitarteko 60 bat ikasle ekoizpen profesional batera hurbildu dira lehenengoz: "Egitasmo honen bitartez erronka barria eskaini gura izan deutseegu gure ikasleei, urteetan egindako ekitaldiez haratago, esperientzia barriak biziteko". Ez da lan erraza izan, ahotsez gainera, hamabost instrumentu buztartu behar izan ditue ta: trikitixea, gitarrea, txistua, biolontxeloa, txalapartea, pianoa edo txirulea, besteak beste.