Lidergo publikoak garatutako 5.0 industria aldarrikatu dau EH Bilduk Arratiarako

Asier Abrisketa 2023ko api. 26a, 16:40

Iker Casanovagaz batera agerraldia egin dau Arratiako EH Bilduk Igorren, Bizkaiaren bokazino industriala aldarrikatu eta atzen urteetan "Arratiara ekarri daben desindustrializazino prozesua" salatuteko.

Iker Casanovak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiarako EH Bilduren hautagiak, eta Arratiako EH Bilduko zenbait kidek, Igorreko alkate eta alkategaia dan Illart Gumuziok tartean, agerraldia egin eben martitzen eguerdian Igorren. Bai Arratian bai Bizkaian, industriaren garrantzia azpimarratu dabe eta hau holan izaten jarraitzeko, 5.0 industria aldarrikatu.

Iker Casanovak, historian zehar "Bizkaia euskal ekonomiaren motorra" izan dala adierazo eban eta industriari egotzi garrantzi hau. Halanda be, industriak atzen hamarkadan atzera egin dauala zehaztu eban eta Bizkaiak, "bere bokazino industriala berreskuratu" behar dauala aldarrikatu eban. Hau, politika industrial eraginkorrik egon ez dalako pasau dala azaldu eban Casanovak eta aurrerapausua emoteko, etorkizunean "industria 5.0 kontzeptuaren inguruan" eta "lidergo publiko aktiboko" industria garatu behar dala proposatu: "teknologikoa, aurreratua baina baita be haintzat hartuta faktore sozialak eta ingurumena".

Gero, Illart Gumuziok hartu eban berbea eta atzen urteetan Arratian zarratu diran enpresetako batzuk zerrendatu ebazan, bai eta "langile burrukaz itxierea ekidin" diran Kelvion eta Cementos Lemona gogoratu. Itxiera honeek, "Arratiara ekarri daben desindustrializazino prozesu baten parte" dirala esan eban Igorreko alkateak. Izan be, Jaurlaritzeak eta Aldundiak ez dabela itxiera honeek ekiditeko ezer egin gehitu dau, horren aurrean, "arratiarrok egin behar izan doguna" aldarrikatu dau. Tartean, Errota Fundazinoaren sorrerearen garrantzia goraipatu dau Gumuziok, "enpresen errotzea eta inbersinoak" beragaz etorri diralakoan.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!