M8

Justizia eta feminismoaren inguruko berbaldia eta estereotipoak apurtzeko antzerkia

Bea Azpiri 2023ko mar. 15a, 10:15

Barikuan, martiak 17, Justizia eta Feminismoaz jardungo dau Begoña Zabala abogadu eta militante historikoak Arantzazuko Kultur Gunean 19:00etan. Hurrengo egunean, zapatuan, 12:30ean, Eidabe konpainiak Meri, Mari eta Lari familia eredu desbardinez eta genero estereotipoez berba egiten dauan umeentzako antzerkia egongo da Lemoako Kotxepin Kultur Etxean.

Begoña Zabala.

Martiaren 8aren programazinoko jarduera bi honeek publiko desbardinarentzat dira eta bakotxak bere helburua dauka. Justizia eta Feminismoa berbaldia, adinez nagusia eta konzientzia feministadun publikoari zuzenduta dago; sistema patriarkalaren justizia ez da justua andrazkoakaz eta hori aldatuteko zer egin daiteken jakin gura dabenentzat, hain zuzen be.

Zapatukoa barriz, umeentzako ikuskizuna da, aktibismoari baino identidadeari lotuago dago. Askatasunari buruz egiten dau berba, sentipenak askatzeko preminaz. Identidadea, genero estereotipoetatik libre eregiteko moduak erakusten dauz.

Meri, Mari eta Lari 

Hauxe dinoe sinposian, “Meri (Maria Urcelay) haurdun dago. Laster izango dau umea. Aspaldi ikusi bako Mari lagunagaz (Yogurinha Borova) topo egingo dau. Marik ez ekian Meri haurdun egoanik. Ezusteko ederra jaso dau. Eta heldu da betiko itauna: umea zer izango dan galdetu deutso Marik Meriri. Zergatik galdetu behar dogu neska ala mutila izango dan? Hori ez dau umeak berak aukeratuko etorkizunean? Zergaitik mugatu aukera bi horreetara? Izan gura dauan guztia izango dau aukeran umeak: ameslaria, jantzaria, pelotaria, burrukalaria, jostalaria... Horregaitik ipiniko deutsie Lari izena”. 

Galder Perezek idatzitako eta Maria Urcelay aktoreagaz batera sortutako ikuskizun honetako abestiak Yogurinha Borovarenak dira eta Sentipenak askatu diskoan jasota dagoz. 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!