kanporamartxo

Kanporamartxo eguna da domekea

Asier Abrisketa 2023ko ots. 9a, 10:30

Areatzan, Artean eta Bedian txitxi-burduntzi herrikoiak egingo dira baina lagun talde eta familiak be urtengo dira txarrikiak sutondoan jateko.

Astebete falta da aratusteak ospatuteko eta tradizinoa danez, mozorro eguneko aurreko domekan, hilak 12, kanporamartxoa egingo da Arratia, Ubide eta Zeberion. Kanporamartxo, txitxi-burduntzi, sasimartxo, kanpamartxo, kanpomartxo, sasikoipetsu, basatoste eta beste hainbat izen daukaz ospakizunak Bizkaian baina danok ospatuko dogu bardin, txorizoa eta urdaia suan erreta jaten.

Holan, lagun talde eta familia ugari joango dira inguruko landa zein ermitetara, edo etxean bertan egingo dabe jaia baina badagoz kanporamartxo herrikoiak antolatu dabezan herriak be. Areatzan berbarako, Lamino Kirol Klubak eta guraso alkarteak antolatu dabe 10:00etako mendi martxea eta txitxi-burduntzia. Upo eta Upokomakatzatik pasauko da 9 kilometroko bidea eta antolatzaileek eroango dabez parrillak, burduntziak, sua, ogia, edana eta saldea. Izena barikura arte emon daiteke 627 021 082 edo 646 355 550 telefonoetan.

Bedian, Gangurenek antolatu dau eta goizez egingo dabe urtekerea eta kanporamartxoa ordurako izena emon dabenek. Artean barriz, eguerdian egingo da jaia. Elexabeiti auzoan, 13:00etan da hitzordua.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!