Usansoloko Ospitalean 2023an obrak hastea aurreikusita dago eta kanpainea martxan ipini dauan Barrualdeko ESIko herritar taldeak azaldu dau, ez dala pediatria eta arrisku bajuko erditzeen zerbitzua aintzat hartu: "Gure ospitaleko gabezia nagusietako bat da hau historikoki". Hori dala-ta, hainbat talde feminista, guraso alkarte eta 60tik gora ikastetxek, Barrualdea osatuz izenpean, Pediatria eta arrisku bajuko erditzeen gunea eskatzeko sinadura bilketea abiatu dabe Change.org plataforman.
Izan be, Pediatria eta arrisku bajuko erditze guneak oinarrizko zerbitzuak dira, beste ospitale txikiagoek be badaukiezanak. Barrualdeko ESIk, Arratia, Nerbioi, Durangaldea, Lea Artibai, Udaibai eta Airaldea eskualdeko eta Bilbo Handiaren zati bateko 70 herri, 309.000 biztanle, artatzen ditu. Eskatzen diran zerbitzuak hurreko ospitalean izateak, umeak hobeto atendidu eta erditze humanizatuagoak ahalbidetuko leukez, eskatzaileen eretxian.
Gurutzeta eta Basurtuko ospitaleetarako be bentajak ekarriko leukez, zerbitzu horreek arindu eta espazioak egokitzeko aukerea emongo leukelako.
Eskaria argudiatuteko, arrazoi honeek emon ditue Barrualdea osatuz taldetik:
- Pediatria eta arrisku bajuko erditzeak oinarrizko zerbitzuak dira.
- Gure eskualdeko haur eta andren osasun arretearen aldeko neurri garrantzitsu bat da: arreta indibidualagoa, hurbilagoa tratuz, ezagunagoa eta euskaldunagoa izango litzateke.
- Emakumeon osasunerako onuragarriagoa dan eta andrak ahalduntzeko erditze-espazio eta erditze-eredu humanizatuagoa eta genero perspektibatik landuagoa behar eta gura dogu.
- Osasun ekidatdaren aldeko neurri bat da.
- Eremuz ESIrik zabalena dan Barrualdeko biztanleentzat, hurbilena da distantziaz.
- Herritar guztiona eta herritar guztiontzat dan ospitale publikoa da Galdakao-Usansolokoa.