Agate Deuna

Arratiako Koruak eta beste koru ugarik kantauko dabez Agate Deunaren koplak

Bea Azpiri 2023ko ots. 2a, 14:36

Arratiako Korua Vaticano urian, 2022ko maiatzean.

Arratiako Korua egun osoa ibiliko da Bizkaian zehar baina auzorik auzo be ibiliko dira talde ugari santa eskean.

Zapatuan, hilak 4, Agate Deunaren bezperan, Arratiako Korua goizeko zortziretan batu eta gaueko hamarrak arte, koplak kantetan eske errondan ibiliko da Arratia, Zornotza, Bilbo eta Galdakaotik. Ez da bakarra izango; izan be, bailarako herri eta auzuneetan asko izango dira, makila eskuan, koplak kantetan urtengo diran taldeak.

Arratiako Koruak aurtengoagaz 72 urte daroaz bere kopla errepertorioa Arratian eta Arratiatik kanpo abesten. Garazi Navasen zuzendaritzapean, aurten, partaideek 07:45ean hartuko dabe autobusa Igorren Areatzara joan eta han mezea entzuteko 08:00etan. 08:30ean izango dabe urtekerea; 08:45ean, Zeanurin kantauko dabe; 09:05ean, Arantzazun; 09:20an, Diman; 09:35ean, Igorren; 09:50ean, Lemoan, eta 10:05ean, Bedian. Zorrontzan, 10:25ean kantauko dabe etaostean, barriro be autobusa hartu eta Bilborantza abiatuko dira.

Begoñako Basilikan kantauko dabe 11:30ean eta gero Bilboko kaleetatik ibiliko dira errondan goiz eta arrastiz. Bilboko ibilbideari amaierea emon eta 21:00etan bueltauko dira Arratiarantza .Geldiunetxo bat Galdakaon egin eta 21:45ean, Artean egongo dira. 22:00etan Areatzan amaituko dabe ibilbidea.

Auzorik auzo

Beste koru ugari be ibiliko dira Arratiatik. Eskolako umeek, guraso taldeek, kuadrillek eta auzotarren taldeek, batzuk txistulari edo trikitilariakaz lagunduta, kantauko ditue koplok Arratiako bazter guztietan. 

Arteakoak, esate baterako, 19:00etan batuko dira plazan, Kokomarroak taldekoakaz eske errondeari ekiteko. Bedian, 17:00etan, alkartuko dira plazan auzoz auzo joateko kantuan. Diman, 10:00etan alkartuko dira eskolan Santa Ageda abesteko eta gero hurrengo ibilbidea egiteko: Piedadea, plaza, Ibarra, Indusi, Bargondia, Oba, Artaun, Olazabal...

Lemoan, udaletxeko plazan 18:00etan da hitzordua, eta Ubiden, 16:30ean.

Gehiago egon arren, Zeanurin, aitatzekoak dira Asterriako korua eta ermitan Agedaren bizitza kantetan dauana. Asterriako Urri Barren alkartekoak eta auzotarrak, 16:00etan batuko dira Ogaragotiko plazan. Asterrian ibili ondoren, beste auzoetara, plazara eta herriko tabernetara joango dira. Ermitan kantetan dauan korua be ibiliko da auzoz auzo zapatuan goizez eta arrastiz, eta domekan santearen bizitza eta martirioa kontetan dabezan koplak kantuako dabez ermitan, 12:30eko mezan.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!