garraioa

Gaur izetu dauz Aldundiak N-240 errepideko kamioientzako ordainlekuak

Asier Abrisketa 2023ko urt. 25a, 11:51

Galdakaotik Ubidera arte egunero pasetan diran batez besteko 1.600 kamioiek 17,34 euro ordaindu beharko dabez gaurtik aurrera, deskontuak kenduta.

Bizkaiko Batzar Nagusiek garagarrilaren 20ko 7/2022 Foru Arauan, garraio astunek 2023ko urtailaren 1etik aurrera, N-240 eta BI-625 errepideak erabilteagaitik ordaindu egin beharko ebela onartu eben. EAJ eta PSEren aldeko botoakaz, PPren aurkakoakaz eta EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaiaren abstenzinoagaz onartu zan neurria. Tarifak eta deskontuak be onartu ziran gero, eta hori gauzatu ahal izateko, free flow motako zortzi arku ipini dabez Arratian.

Baina urteko lehenengo egunetan aktibau barik egozan arkuok; izan be, BEGITUren iturrien arabera, garraioaren sektorea eta Bizkaiko Foru Aldundia (BFA) lehen onartutako tarifak eta deskontuak negozietan egon dira. Halanda be, eguaztenean izetu dira atzenean bidesaria automatikoki kobretako arkuak.

Deskontuak, bidaia kopuruaren eta motor mota zein emisino mailaren araberakoak izango dira. Holan, hilabete naturalean hogei bidaia edo gehiago egiten dabenek %13ko deskontua izango dabe eta ibilgailuaren motor eta emisinoen arabera, %25 arteko deskontua.

Arratiako ekonomian eragina

EAJk bidesariak abantailak dituala defendiduten dau; batetik, Arratiatik pasetan dan kamioi kopurua gitxitu daitekealako -gaur egun 1.600 egun bakotxeko- eta bestetik, bidesaria garraio azpiegiturak hobetuteko erabil daitekelako. EH Bildu barriz, abstenidu egin zan bozkaketan.

Baina Arratiako kamioilariek eta beste hainbat enpresek ez dabe begi onez ikusten neurri hau, Arratiako ekonomiaren kontra doalakoan. “Arratiarrontzako zerga bat da. Egia da Arratiatik pasetan diran kamioi asko ez dirala pasauko, autopistatik merkeago urtengo jakielako, baina Arratian bizi garan kamiolariak eta bertan enpresa bat daukagunok, kamioiak enpresea daukagun lekura joateagaitik pagau egin beharko dogu” azaldu deutso BEGITUri Oskar Gorostiaga Igorreko Industrialdean egoitza daukan Ekin eraikuntza enpresakoak.

Bere kalkuluen arabera, bidesariak urtean 12.000-15.000 euroko kostua ekarriko leuskio bere enpreseari; eta, enpresea beste leku baten, Zorrontzan esaterako egon ezkero, diru hori ez leuke ordainduko. Gainera gastu horreek ezin dira danak prezioetara pasau, konpetitibidadea galtzea dakarrelako. Eta oin, “nork erosiko dau pabiloi bat Arratiako industrialde baten?” dino Gorostiagak.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!