Gehigarria

BEGITUk 20 urte, aurrera goaz!

Asier Abrisketa 2023ko urt. 2a, 11:45
Martin Ortegak egindako irudia.

Arratia, Ubide eta Zeberioko albisteak euskeraz kontetan hogei urte bete doguz 2022an eta historia laburtu zein etorkizunaren inguruan berba egiteko, gehigarri berezia dakar 397. aleak.

"Ezinbestekoa da udalek biztanleko 2,60 euro ipintea, ezpabere BEGITUren proiektua arriskuan egon leike", Iñigo Iruarrizaga.

Erreportajearen lehen zatian, 2001. urtean Zertu Kultur Elkartea sortu zanetik gaur egun arteko ibilbidea kontetan da. Hiru pausutan emon dan hazkuntzea da BEGITUn: 2002an hilekariaren jaiotzea, 2008an astebikaria izatera pasatzea eta atzena, 2021an begitu.eus webguneari esker egindako digitalizazinoa.

Gero, BEGITUren finanziazinoaren gainean be egiten dau berba erreportajeak. Aldizkaria eta webgunea atera ahal izateko eta beharginak ordainduteko hiru diru-iturri daukaz BEGITUk: publizidadea, Begitu-lagunak eta dirulaguntzak. Iñigo Iruarrizaga zuzendariak azalduten dauanez, udal gehienak ez dira heltzean proiektu hau aurrera eroateko behar diran biztanleko 2,60 euroko dirulaguntzara, proiektua arriskuan dago holan.

"BEGITU barrikuntza bidean sartu da atzen urteotan eta hori da lagunduko doguna"

Hurrengo atalean, Zertu Kultur Elkartearen presidentea dan Alvaro Rabelliri egindako alkarrizketea dauka irakurgai gehigarri bereziak. Zertu Kultur Elkartea da BEGITU argitaratuten dauan alkartea. Honen berbetan, BEGITU bizi-bizirik dagoan proiektua da gaur, "ekonomia aldetik zailtasunak egon arren, momentu polit batean" dagoala dino, digitalizazinoak ekarritako barrikuntzakaz: BEGITU asko irakurten da. Sarekoan milaka irakurle edo erabiltzaile dagoz eta hori ikaragarria da. BEGITUk Arratia egiten lagundu dau, hori esaterik badago.

Amaituteko, Zertu Kultur Elkarteak sinatutako eretxi artikulu bat be badago irakurgai. Bertan Zertuk "irabazi dogu" aldarrikatuten dau: "Hogei urte pasau eta BEGITUk segiduten dau gure etxeetara ailegetan. Nork esango eban kulturara lerratuago sortu zan hilabetekari harek urte luzez iraungo ebanik, sendo iraun be".

Hau eta askoz gehiago dauka gehigarri bereziak, irakurri aldizkarian zein webgunean!

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!