Atzo ospatu zan Bilbon Bizkaiko Txirrindularitzearen Gala, Arratia Ziklista Eskolea egon zan bertan eta kideak ez ziran esku-hutsik urten. Alkarte moduan, sari garrantzitsuena izan zan antolatzailearen saria. Zidarra jaso dabe, urtean zehar lehiatu diran txapelketetan modu aktiboan parte hartuteagaitik. Horrezaz gain, Peio Legina eta Xabier Cerro txirrindulari gazteek be jaso ditue sariak. Lehenengoa Txiki Kopako irabazlea izan dalako eta Cerro, kronoeskaladan hirugarren izan dalako.
Igorreko Ziklo-krosaren gaineko balorazinoa be egin deutsa Leire Aurrekoetxea AZEko presidenteak BEGITUri, eta oso argia izan da: “Herri honek badauka etorkizuna ziklo-krosean”. Herritarren erantzunagaz zein antolaketarako gaitasunagaz be agertu da harro: “Goragoko kategorietako lasterketak antolatzeko kapazak garala frogatu dogu”. Holan, Munduko Kopea bueltan ekartea da helburua baina Aurrekoetxeak argitu dau, denporea beharko dabela.
Izan be, oingo premina handiena txirrindularitza eskolarako inbersinoak egitea da: “Furgonetea aldatu behar dogu, lasterketaren batera ez gara heldu autoa bidean apurtu dalako eta daukagun lokala, trasteleku bat da”. Gainera, atzen urteetan talde-aldaketa handia egon da, bai boluntarioen aldean bai zuzendaritzan. Holan, momentuz hurrengo urtean kategoria bardina jokatuko da, baina helburua begi bistatik kendu barik.