Euskaraldia

Euskerearen aldeko jarduera ugari egongo dira oingo bariku eta zapatuan

Bea Azpiri 2022ko abe. 2a, 11:09

Astegoienak Euskaraldiaren amaiereagaz eta Euskerearen Nazinoarteko Egunagaz egiten dau bat eta eskualdeko zazpi herritan egingo dira ospakizunak.

Euskaraldiari amaierea emongo jako gaur eta bihar da Euskerearen Nazinoarteko Eguna. Hori dala-ta euskeraz aisialdia biziteko ekintza ugari antolatu ditue Arratian eta Zeberion, Euskaraldian hartutako hizkuntza ohiturei eusteko.

Holan, Artean, 17:00etan, apainketa tailerra egongo da, 18:00etan, euskal abestien maratoia eta 20:00etan, jantza modernoko taldeak erakustaldia egingo dau. Ondoren, taloak egongo dira danontzat. Areatzan barriz, 17:30ean, Euskaraldiko kantuaren jantzea egingo dabe eskolako umeek, jantza garaikideko eta euskal jantzetako ikasleek; ostean txokolatea egongo da.

Diman Euskaraldiari agur esango deutsie frontoi txikian, 19:00etan egingo dan ekitaldi oparo bategaz. Herriko albokarien musikeagaz hasiko da, testu bat irakurriko da gero, eta herriko bertso eskolakoek bertsoak botako dabez. Ondoren, Bihotzen txandea izango da eta Gurutze eta Oierrena bere ostean. Eskolako umeen jantzak emongo deutsie amaierea ekitaldiari eta 20:00etan, Sama Siku fanfarrearen laguntzeagaz ibiliko dira dimoztarrak tabernaz taberna euskal giroan.

Lemoan be ekitaldia egongo da gaur, 16:30ean, eskolako aterpean. Han, umeentzako jolasak egongo dira, Txoborro magoak be umeentzako ikuskizuna eskainiko dau eta Ane Lindaneren bakarrizketeagaz gozatuteko aukerea egongo da. Ostean, 20:00etan, helduentzat, magia poteoa egongo da herritik zehar, Txoborro magoagaz hau be.

Euskerearen Eguna

Bihar be egongo da Arratian euskerea euskeraz ospatuteko modurik. Arantzazun, 18:00etan, serigrafia tailerra antolatu dabe Kultur Gunean eta 20:00etan, kantaldia Anderregaz Herriko Tabernan. Areatzan, Azalerako ipuinak ipuin kontaketea egongo da17:30ean ludotekan, Saroa Bikandiren eskutik eta 20:30ean, Elepunto dj-ak musikea ipiniko dau udaletxeko arkupeetan.

Diman, beste ekitaldi bat egingo dabe frontoi txikian eguerdiko 12:00etan. Ekitaldian, testu bat irakurri eta Gazte Barri jantza taldearen, bertso eskolakoen eta Zamakola alkarteko abesbatzaren emonaldiak egongo dira.

Igorren barriz, kalejirea egongo da 11:30etik 15:00etara, Katiuska Ta Katilu Hezkuntza eta Antzerki taldeagaz. Lemoan, umeentzako antzerkia egongo da 17:30ean, Kotxepin Kultur Etxean; Didau Antzerkia Faktoriaren Frankenstein ausarta, eszentrikoa, sentibera lana, hain zuzen be.

Zeanuriko batzuk Makean ospatzekoak dira Euskerearen Eguna, Euskal Selekzinoaren aldeko jaian. Han, pelota partiduak, berbaldiak, argazkia eta kontzertuak egongo dira.

Zeberion barriz, ibilaldia antolatu dabe 11:00etan eta ostean, gaztaina jana eta musikea. Arrastian, umeek eukiko dabe euskeraz ondo pasetako aukerea. 18:30etik 20:00etara, artzain jokoa, puzzle tailerra eta hozkailurako imanen tailerrakaz eta 20:00etatik 21:00etara, disko festea egongo da. 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!