Mendia

Areatzan ospatuko da Arratia, Ubide, Zeberio eta Otxandioko XXI. Mendizale Eguna

Asier Abrisketa 2022ko urriaren 20a

Joko Alai, Ganzabal, Arginatx, Mirugain, Austarri, Amexier eta Lamino mendi taldeetakoak hamabost kilometroko ibilbidea egin eta eguna batera pasauko dabe domekan.

Urtero lez, Mendizale Egunak Arratia, Ubide, Zeberio eta Otxandiko mendizaleak batuko ditu eta hogeta batgarren edizino hau Areatzan izango da. Holan, urri lehenengoaren 23an Joko Alai, Ganzabal, Arginatx, Mirugain, Austarri, Amexier eta Lamino mendi taldeetako kideak eta izena emoten dabenak Areatzako plazan batzera deituta dagoz, goizeko 09:00etan.

Hasteko, bolanderea bota eta honegaz batera urtengo dira oinez bertaratutakoak, Lamino Kirol Klubak prestatutako hamabost kilometroko ibilbideari hasikerea emoteko. Ibili bakarrik ez, inguruko toponimia erakusteko kartelak ikusteko aukerea be egongo da, Xabier Iturriaga Lamino taldeko presidenteak azaldu dauanez: "Hamabost kilometroko ibilbide honetan, 40 kartel edo ipini doguz. Honetaz aparte, inoz erabili bako pista bi zapaldu doguz". Bide barri honeek Areatzako Mendi Martxarako zabaldu ebezan urri lehenengoan.

Martxa erdikaldean horniketa puntu bat egongo da, Kerexekoatxa eta Potin Potingo iturrien artean. Horrezaz gain, ibilbidea plazan amaitu eta bertan parrilladea egongo da parte hartu dabenentzako; "egun polita izaten da" dino Iturriagak.

Mendizale egunerako izen emotea, herri bakotxeko mendi taldean egingo da. Hau da, Areatzan, Lamino Mendi taldean; Arantzazun, Arginatxen; Lemoan, Ganzabalen; Ubiden, Amexierren; Zeanurin Joko Alain eta Zeberion, Austarrin.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!