errugbia

Zapatuan hasi dabe ligea zekorrek

Asier Abrisketa 2022ko urr. 3a, 17:11

Gaztedi taldearen kontrako partidua 27-10 galdu eben arratiarrek; hurrengoa San Txismen jokatuko da Zarautz Beltzak taldearen aurka, zapatu arrastian.

Ekin Eraikuntzak Arratiko Zekorrak taldeak hasi dau 2022-2023 denporaldia, Euskal Ligako Bigarren Mailan. Lehen partidua Gaztedi Rugby Taldearen kontrakoa izan da baina ez dabe irabazterik lortu, markagailuak 27-10 egin dau-eta etxekoen alde. Halanda be, Ekaitz Duñabeitia entrenatzaileak partiduaren balorazino "positiboa" egin dau, lehen partidua izanda.

Partiduaren lehen minutuetan zekorrak izan ziran nagusi, 3-0 irabazten hasi ziran eta. Baina aurrera joan bitartean Gaztediko jokalariek hartu eben aurrea. Duñabeitiak azaldu dauanez, lesino batzuk dirala-ta ez ziran jokalari arratiar nahikoa egon eta honek gasteiztarren alde egin eban, "epailearen eragina" be egon zan atzetik. Halanda be, atzen minutuetan egoereari bueltea emoten jakin eben zekorrek eta aurkarien zelaian egin ziran atzen jokaldiak. Orduan lortu eben 10 puntuetara heltzea, atzen minutuko entseguari esker.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!