“Herri honetan beti bizi izan gara errekeari lepoa emoten” esan eustan behin arratiar peto-peto batek. Harritu ninduan hain zintzotasun handiz egindako adierazpenak. Aldatu ezin dan ohitura horreetako bat izango da belaunaldiz belaunaldi, subkonzientean daukaguzan horreetakoa akaso... Izan be, udaro Arkotxan hainbat ordu emoten dituen umeak ohituta dagoz euren txoko horretara errepidetik darion zabor multzoa ikusten, urteetan eta eten barik. Holan izan beharko da orduan!
“Pues que lo limpie URA” esan eustan haserre beste batek, lagunak zigarrokina uretara botaten eban bitartean.
“Pues que lo limpie URA” esan eustan haserre beste batek, lagunak zigarrokina uretara botaten eban bitartean. Egungo erreka hau ez ei da eurek maite ebena. Ur Agentziak egindako obrakaz zapuztu eben. Obrak uriolen zaurgarritasun handia zala-eta eginda baziran be, maite ebezan arbolak eta guneak kendu eta harri handiz eta inongo xarmarik topetan ez deutseen zugatxez jantzi ebezan. 3Dan egindako irudi birtual polit horreetan ez eben sentimentuen konturik aurreikusi. "Zaindu maiten dozun hori!" dino lemak, baina ez badot maite, orduan zertarako babestu behar dot ba!
Urri lehenengoaren 24an Baso Biziak Plataformatik konbitea jaso genduan Euskal Herriko hainbat txokotan gure inguruko errekak garbitzeko. Izan be, benetako baso biziak eta uraren kalidadea bat etorri arren, basoak bakarrik ezin dau helburu hori bete. Arroan gizakion eragin negatiboa beste puntu batzuetan be igarten da; obrak, monokultiboen landaketa-mozketa masiboak, espezie inbaditzaileak, isuriak, zaborrak...
Gure aletxoa ipinteko, Zeanuri, Igorre, Artea eta Lemoan talde politak bildu ziran. Arantzazun eta Areatzan taldetxoak (hirukoteak hain zuzen, kar, kar, kar). Garrantzitsuena ez da zenbatekoa, gogoa baino, egitea! Errekeari arrotzak jakozan objektu artifizial horreek ateratea, alde hortatik “garbitutea”.
Areatzako taldean han egoan gure Kontxa, busti-busti eginda, besteek botatako zikinkeria batzean. Antza danez, gauza batzuk gitxienez urte bi eroazen bertan. Kontrakoa, ikusten ohitzea izango litzateke eta hori ez jakon buruan sartzean. Kontxa hainbat burruketan ibilia da, baina oindino jo eta su ibilteko indarra dauka. Etenbako militante horreetako bat da; presoak, klase burrukea, feminismoa, euskerea, naturea... Berak argi ikusten dau burruka guztiek bat egiten dabela, oindino gehiago, egin behar dabela, norberaren indibidualismotik harago... batzearen konziente, akaso.
Gertatzen dabilanaren tamainuaz jaubetzeko, eztabaidea sustatu eta soluzino bila hasteko ordua da.
Datorren astegoienean (urri lehenengoak 30, urri bigarrenak 1-2) hiru eguneko jardunaldiak izango dira Portugaleten: Ekotopaketak. Agian izenburuak ez dau jente asko erakarriko, baina esan beharra dago giza historiako krisi ekosozial larrienean sartuta gagozala eta horrek ezinbestean, aldatuko dituala gure bizitzak.
Gertatzen dabilanaren tamainuaz jaubetzeko, eztabaidea sustatu eta soluzino bila hasteko ordua da. Planetearen mugak, ezegonkortasun ekonomiko-energetikoa, hornidura kate apurtuak, lehorteak, aurtengo suteak, gerra Europan, eraildako eta itotako etorkinak, ekofaxismoa, prekarizazinoa... egungo egoerea isladuten daben hainbat gai jorratuko dira. Hortaz ez legoke txarto proposamenak eta iniziatiba barriak jasotea eta praktikan ipinten hastea. Arratiak adibidez, horretarako eskala egokia daukala iruditzen jata eta Kontxa lango jentea be badauka. Hemen be, kontrakoa, gure bizitzak kapitalaren menpe ixtea izango litzateke.
Hortaz ebatziak hartuko dituenak ez dira gure azalean ipiniko eta ebatzi horreek bete arazoko dituenek aginduak beteten dituela esango deuskue. Ez dau inork erantzunik hartuko! Beraz hasi gaitezan eskuragarri daukaguzan lehengaiak babesten, ingurua eta alkar maitatzen eta zaintzen; hau da, errekeari lepoa emoteari itxi behar deutsagu!
Oihane Astui, Makatzak Arratiako Ekologistak taldeko kidea.