Preso politikoak

"Etxera bidea gertu" manifestazinorako autobusak egongo dira Arratiatik

Asier Abrisketa 2022ko ira. 28a, 10:44
Argazkia: Sare

Urri bigarrenaren 8an autobus biak urtengo dira Donostiarantza 10:00etan, lehena 19:00etan bueltauko da eta bigarrena, 03:00retan. Barikuan amaituko da izena emoteko epea.

Urri bigarrenaren 8an, Sarek manifestazinoa egingo dau Donostian "Etxera bidea gertu!" lelopean. Holan, euskal preso politikoen aldeko Sare antolakundeak mezu bi aldarrikatu gura dauz kalean: "Euskal presoak etxetik gero eta gertuago dagozala eta herritarrok be etxeratze prozesu hori gauza daiten gertu, hau da, prest gagozala".

Bertara gerturatzeko, Arratiatik be egongo dira autobus bi. Horretarako, urri lehenengoaren 30a da 15 euroak ordaindu eta izena emoteko atzen eguna. Igorreko Axular Herriko Tabernan lortu daitekez sarrerok. Manifestazino egunean, goizeko 10:00etan urtengo dira autobusak. Bueltea egiteko barriz, lehenengo autobusa arrastiko 17:00etan urtengo da Donostiatik eta bigarrena, goizeko 03:00retan, kontzertuak amaitzerakoan.

"Aldarrikapena eta festa"

Mobilizazino egunagaz hasteko, 2020ko maiatzan aurkeztutako ‘Izan Bidea’ dinamikaren baitan 3.127.326 kilometro egiteko erronkea amaituko dabe, azken kilometroak Donostiako kaleetan eginda. Hau 11:00etan egingo da, Bulebarretik hasita. Gero izango da manifestazino "koloretsua", 12:00etan Pio XIItik Ilunberaino. Bertan egongo dira txosnak, bazkariak, haurrentzako gunea eta kontzertuak.

Zuzeneko musika emonaldiak 15:30ean hasiko dira, danetariko eskaintzea dago: Maddalen Lujanbio, Amets Arzalluz eta Eñaut Elorrieta hasteko; atzetik helduko dira Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Sua, Doctor Deseo, Josu eta Gari (Hertzainak), Dupla, Andoni Oilokiegi eta Trikidantz.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!