Urri lehenengoaren 24an, zapatua, Gorbeiako kurutzea izango da Bizkaiko Batzar Nagusietarako deiaren lekuko, atzen urteetan adarra Ganekogorta, Kolitza, Sollube eta Oiz tontorretatik pasau ostean. Aurtengoa hamazazpigarren edizino modernoa izango da, 2004an berreskuratu zan tradizinoa eta, Batzar Nagusien aro barriaren 25. urteurrenean hain zuzen be. Igoerea Ganzabal Mendi Talde lemoaztarraren ardurea izango da eta ekitaldia amaitzerakoan, Balmasedako Mendi Taldeari emongo jako adarra, hurrengo urtean deialdia Kolitzatik egin daiten.
Urte biko atzerapenagaz datorren Mendi Deiadar Eguna 09:30ean hasiko da Pagomakurretik. Eguerdirako helduko dira mendizaleak Gorbeiako kurutzera eta bertan egingo da, 12:00etan, deialdia. Ostean, Arrabako aterpera bajatu eta bertan ospatuko da jaia 13:30etik aurrera. Igon diranentzako kopautxoaz gainera, musikea eta jantzak egongo dira.
Tradizinoa ala kondairea?
Batzar Nagusietarako deiaren inguruko lehenengo erreferentzia historikoak 700 urte daukaz. 1342. urtean Juan Nuñez de Balboak idatzi eban koaderno batean: “En la Junta de Garnica, seyendo juntado cavalleros e escuderos / e fijosdalgo de Vizcaya, llamados a Junta General, e tannidas las cino vozinas”. Deia egiten zala frogatutzat emoten dan arren, deia nondik egiten zan ez da inoz garbi egon.
Holan, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterriko Museoak ikerketa-lana egin eben 2020an. Azterlan horretatik ondorio argi batek urten eban: Bizkaiko bost Deiadar Mendietan adarrak joaz egindako deiarena berrinterpretazino historikoa zala, Antonio de Trueba kronistak XIX. mendean egindakoa. Izan be, antxina, dei hori Gernikako Batzar Etxean bertan egiten zan, baina Batzar bakotxa hasi aurretik, eta ez mendi tontorretatik, Truebak ulertzera emon eban lez.
Tradizinoa gure garaietara egokitzearen ondorioa izan da deiadarren ohiturea bailaratik gailurretara eroatea, hau da, foru-uribildutik lurraldeko bost mendietara aldatzea, beti be ohitura eta erakunderik errotuenak —Batzar Nagusiak esaterako— defendiduteko ahaelginean. Antonio de Trueba izan zan lehenengoa bost deiadar mediak (Gorbeia, Ganekogorta, Oiz, Sollube eta Kolitza) aitatzen, oin dala 150 urte; irudi hori errotuz joan da euskal historiografian eta jentearen usteetan, eta gaur egunera arte heldu da.