Martxan dago Beldur Barik bideo lehiaketea

Gazteen artean emakumeen ahalduntzea bultzatzera bideratutako mezuak indartuten dabezan bideoak zemendiaren 11ra arte aurkeztu daitekez.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak aurten be antolatu dau Beldur Barik lehiaketea. 2010etik egiten dan programearen helburua, gazteek egindako bideoen bitartez "indarkeriari buruzko kanpainetan agertuten diran estereotipoetatik aldendu (indarkeria fisikora mugatuta, eta emakumea biktima irudira mugatuta) eta ikuspegi positibotik heltzea"; hau da, "Beldur Barik jarrerea indartzea". Bideoa egin, Youtube edo Vimeora igon eta zemendiaren 11ko 23:59 baino arinago bete behar da fitxa beldurbarik.eus webgunean.

Holan, EAEko hamabi eta hogei urte bitarteko gazteak animau dabez bideo lehiaketan parte hartzera; bakarka zein alkarte, ikastetxe edo gaztelekuaren izenean hartu daiteke parte. Gehienez be, hiru minutuko bideoak aurkeztu ahalko dira dagozan hiru kategorietan: 12 eta 14 urte tartea, 15 eta 17 urte tartea edo 18 eta 20 urte tartea. Bideoen ardatza, bakotxaren bizitzetan aurre egin behar diren indarkeria matxistak kontetea izango da, baina honeei aurre egiteko estrategia personal zein kolektiboak be proposatu behar dira. Arau eta zehaztasun guztiak topau daitekez beldurbarik.eus webgunean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!